Amagoia Mujika Telleria

«BEREN PASIOA TRANSMITITU NAHI ZIGUTEN HIRU ‘AITA’ ZIREN»

1975-1976 urte inguruan, Eskoriatzako Almen ikastolaren bueltan sortu zen lehen bertso eskola, bertsolaritza pasioz bizi zuten hiru gurasoren bultzadaz: Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Juanito Akixu. Ez ziren irakasleak, ez zekiten asko teoria pedagogikoez, baina senak eta intuizioak gidatuta haur haiengan metxa oso berezia piztu zuten. Bertsoa maitatzen irakatsi zieten, lagunak babesten eta taldea egiten, beren indarrak eta ahulguneak identifikatzen, euskararen zerbitzura jarduten... Transmisio behar batek bultzatuta, asko berotzen segitzen duen sua piztu zuten.

Juan Carlos Ruiz| Argazki Press
Juan Carlos Ruiz| Argazki Press

Haurren lehendabiziko bertso eskola haiek gogoratu dituzte Arantzazu Loidik eta Jon Sarasuak, nagusiki eta kariño bereziz beraiek bertsotara ekarri zituen Almen lehen bertso eskola hura. Aste honetan egin dute Donostiako Miramar jauregian memoria ariketa atsegina, “Europa bat-batean” kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketak hala eskatuta.

Loidi eta Sarasua Almen bertso eskolak sortutako «lagunarte gozo» horretako parte dira, 1975-1976 urte inguruan Eskoriatzako Almen ikastolaren bueltan sortutako lehen bertso eskola hartako umeak baitira. Arantzazu Loidik garai hartako testuingurua ulertzeko zenbait klabe eman zituen. Hasteko, eta garrantzitsuena, hiru izen: Patxi Goikolea, Xanti Iparragirre eta Juanito Akixu. Larunbat goizetan eskolaz kanpoko zenbait jarduera eskaintzen zitzaizkien ikastolako haurrei eta hirukote horrek –hirurak ikastolako guraso ziren– bertsotan egiteko proposamena egin eta antolatu zuten. Hirurek pasioz bizi zuten bertsolaritza eta eskaintza horixe egin zieten haurrei. «Hasieran 30 bat haur elkartu ginen eta, gerora, Apotzaga auzoko auzo etxera pasatu ginen hamar bat laguneko taldea. Gero, hortik sortu zen Almen bertso eskola», gogoratu zuen Arantzazu Loidik.

Jon Sarasuaren ustean, nazioarteko inprobisatzaileekin egin daitekeen ideia trukean bertsolaritzaren mundua zeozertan inspiratzailea izan badaiteke, hori transmisio ahalegina da, «bereziki bertso eskolen mugimendua eta errealitatea». Eta Almengo bertso eskolaren esperientzia «txiki eta espontaneoak» balio dezake eredu modura, munduko kantu inprobisatuaren herri gehienetan dagoen errealitatea ere halako prekarioa delako kasu askotan. Sarasuaren hitzetan, «gauza askoren gabeziatik abiatu beharra» izan zuten hiru gizon haiek. «Hiru gizon gazte, pedagogia askorik gabeak, ideia sinple batetik abiatu ziren: Guri bertsolaritza gustatzen zaigu eta ume talde bati hori transmititu behar diogu».

Lehen ikasketa, buruz ikastea

Arantzazu Loidik gogoratu zuen, berrogei urte pasatuta, nola eta zer ikasten zuten lehen bertso eskola hartan: «Lehenengo ikasketa buruz ikastea izaten zen. Irakasleek bertsopaper eta bertso zaharren sorta ugari jarri zituzten gure eskura eta asko eta asko ikasi genituen. Horien bitartez doinuak barneratzen erakutsi ziguten. Eta, oharkabean, gauza asko irakatsi ziguten; bertsoaren erritmoa, hezurdura eta egitura barneratzen; memoria lantzen; bertsoa zer den ulertzen... egia da askok etxetik genekarrela zaletasun bat, baina bertso zahar haiei esker geure belarriak eta sena errimara eta neurrira egitea eta ohitzea lortu genuen».

Intuiziotik pedagogiatik baino gehiago, hiru aita bertsozale haiek bide asko ireki zizkieten, baita oholtzarako bidea ere. «Garai hartan telonero lana egiten genuen. Herrian eta inguruko herrietako saioetan bertsolari handien saioaren aurretik ateratzen ginen, buruz ikasitako bertsoekin, ausardia handiz, ausardia lantzera, buruz ikasitakoarekin antzerkia egitera, geureak eta bat-batekoak balira bezala kantatzera». Arbelaren aurreko ariketak ere bereziki gogoratzen dituzte. «Patxik eskuz idatzitako papertxo batean –etxean gordeta ditut paperak– lau oin agertzen ziren eta lau oinekin bertsoa osatu behar genuen. Amaiera baten inguruan kantatzea ere egokitzen zitzaigun. Gela batean era horretako ariketak egiten ziren lehen aldia zen hura. Almen ikastolan izaten zen hori; gero, talde txikiago bat pasatu ginen ostiral arratsaldetako bertso eskolara. Hor animatzen gintuzten bat-batean aritzera, oso modu lasaian eta giro erlaxatuan, pilota partida bat jokatu ondoren, lagunartean eta mahai baten inguruan...». Denbora paretsuan gertatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa eta Almenetik «pelotoian» aurkeztu ziren bertara. «Hor hasi ginen bertsolari sentitzen», esan zuen Loidik.

Buruan hartzea eta gogoan hartzea

Memoriaz ikasten zituzten bertsoak. «Gaur egungo pedagogian memoriak ez dauka fama onik. Ez omen dira gauzak memoriaz ikasi behar», nabarmendu zuen Jon Sarasuak. Almen bertso eskolako sortzaileen estrategia, baina, alderantzizkoa izan zen, «bertso teknika apenas landu genuen, besteak beste hiru horiek ez zekitelako teknika horiek nola landu. Nagusiki bertso zaharrak eta doinuak erakutsi zizkiguten –askotan etxetik identifikatzen genituen doinuak–. Sorkuntza ondare baten jabe egin gintuzten, bertso ondare baten jabe: Txirritaren bertsoak, Xenpelarrenak, Lasarterenak, Lazkao Txikirenak, Amurizarenak...». Sarasuak desberdintasun garrantzitsu bat nabarmendu zuen; «euskaraz memoriaz gauzak ikasteari ez zaio hainbeste esaten buruan hartzea, gogoan hartzea baizik. Eta burua eta gogoa ez dira gauza bera; gogoa arima ere bada. Gauza asko da gogoa. Eta zerbait gogoan hartzea zure oso barrura sartzea da. Bertso bat gogoan hartzea bertso horren jabe egitea da, gero berriro barrutik ateratzeko. Zentzu horretan, bertso bat gogoan hartzen duena ondare baten eramaile egiten da. Gero hasi ginen gogoan hartuta geneukan estetika hori erreproduzitzen eta garatzen, nor bere bidean. Gurea teknika ariketa gutxiko bidea izan zen eta beharbada hor badago gogoeta bat: Noraino bertso eskola batek transmititu behar duen teknika bat bertsoak egiteko eta zenbateraino transmititu behar duen ondare bat, zenbateraino kokatu behar ditu ondare batean haurrak eta helduak».

Lagunartea, hasteko eta segitzeko akuilua

Lagunartea. Bertso bidean hasteko eta segitzeko gako garrantzitsua, bai Sarasuaren eta bai Loidiren esanean. «Beste lagunarte asko neuzkan, beste jarduera asko, baina lagunarte horrek bereziki erakartzen ninduen. Hasieratik eskolaz kanpoko ekintza bezala eskaini ziguten eta Patxik, Juanitok eta Xantik helburua zuten euren pasioa transmititzea. Hori beste helduleku garrantzitsu bat izan da. Euren pasioa transmititzen ziguten pertsona batzuekin elkartzen ginen eta pixkanaka hori gure pasio bihurtu zen. Hori izan zen beste gauza batzuk utzi eta hautu hau egitera eraman gintuena: beste lagunarte batzuk utzi eta asteburuak herriz herri ibiltzera eraman gintuena», nabarmendu zuen Loidik. Almen bertso eskolaren bultzatzaile eta arima ziren hiru gizon haiek ez zeukaten ikasketa handirik pedagogiaz, baina bai intuizio jakintsua. Asmatzen zuten haurrak nola zaindu. Loidik horrela laburbildu zuen: «Ondo zaintzen gintuzten, denbora pasatzen zuten gurekin, oso ondo pasatzen genuen eta oso entusiastak ziren gure pauso txiki guztiekin. Ondo edo gaizki, beti txalo. Horretan Patxik ondo asmatu zuen gure autoestima indartzen».

Eskolarteko txapelketarekin batera beste lagunarte bat ezagutu zuten, bertso giro bat sortu zen beste herri batzuetako lagunekin eta Euskal Herria ezagutzeko aukera eman zien bertsogintzak. «Abentura bat zen, zailtasunak gorabehera, engantxatu egin gintuen abentura. Gainera, jarduera horren bitartez beste jarduera batzuekin baino gehiago gozatzen genuen hizkuntzaz, eta hori ere helduleku ederra zen guretzat».

«Beren pasioa transmititu nahi ziguten hiru ‘aita’ ziren. Eta memoriarekin batera, beste bi gauza transmititu zizkiguten: Pathosa eta ethosa. Pathosa, pasioa, sentipen multzoa. Guk bertso eskola inguruan ikasi genuen bertsoaganako, bertsolarienganako eta euskararenganako maitasun giroa. Egia da euskararenganako maitasuna bagenekarrela etxetik eta ikastolatik. Baina bertso eskolak eman digu euskararenganako maitasunaren adar bat, adarrik estetikoena; hizkuntza bezala duen edertasuna, tolestura, erritmoa, errimak... horiekiko maitasuna. Bertsolaritza eta bertsolarienganako miresmen eta maitasuna transmititu ziguten», agertu zuen Sarasuak.

Eta, ethosa, berriz, sentipen multzo horrekin batera transmititutako «etika lausoa» azaltzeko erabili zuen. «Bertsolaritza ez zen izan guretzat bertsoak egitea bakarrik, ez gozatzeko modu bat bakarrik, herrigintza zabalago baten baitan jaso genuen, herrigintza zabalago baten zerbitzuan bezala, euskararenganako maitasunari lotuta. Nolabait esango nuke, nartzisismorako joera gutxi uzten zuen zerbait bezala, exhibizio eta estridentzia gutxirekin. Hau herribide baten barruan sartzen zen, euskararen berreskurapen bidean. Elementu etiko horiek ere transmititu zizkiguten. Ez dakit noraino oharkabean edo kontzienteki, baina hiru gizon haiek hiru gauza garrantzitsu pasatu zizkiguten: Memoria ondare bat, sentipen multzo bat –pathosa– eta etika lauso bat –ethosa–».

Inurritegira ura bota zutenekoa

Nola ulertzen da hiru gizon ‘arruntek’ –beste lanbide batzuetan jarduten zutenak eta irakasle ez zirenak– halako transmisio sena izatea? Sarasuaren esanean, «hau kontestu zabalago batean ulertu behar da. Duela 50-60 urte zerbait aldatzen da gizarte honetan. Gure inurritegian norbaitek pitxerrarekin ur parrasta bota zuen, inurriak hilko zituelakoan, eta handik aurrera espabilatu eta inurriak lanean hasi ziren. Jendea euskararen biziberritze utopia baten alde martxan hasi zen, lanean, norbaitek gainetik ura bota zielako. Mexikon egon berri naiz, herri indigenetako hizkuntzen prozesuak ezagutzen, eta han batek galdetu zidan ea zer egin genuen guk frankismoan euskara debeka zezaten. Beraiek ere behar omen dute norbaitek beren hizkuntza debekatzea, espabilatu eta lanean hasteko. Horrelako zerbait gertatu zen hemen eta espabilatze horren baitan ulertu behar da transmisio ahalegin hura. Amestu dezagun mundu berri bat euskaraz, baina horretarako transmititu dezagun daukaguna. Hori izan zen hiru gizon hauen barne bulkada eta baita bertsolaritzak azken urteotan izan duen ardatza ere».

Ikasgai oso garrantzitsuak jaso zituzten

Almen bertso eskola sortu eta berrogei urtera, gustura nabarmendu dute Loidik eta Sarasuak orduan ikasi zutena. Betirako ikasitako gauzak izan direlako, segur aski.

Loidiren esanetan, «gure irakasleek gurekin psikologia eta pedagogia handia erabili zuten, eta egokia. Nolabait deitzearren ‘traturako psikologia’. Geneukan adina kontuan izanda, behar genituen baldintzak sortzen saiatu ziren eta zaindu egin gintuzten. Giroa sortuz, bakoitza ezagutuz eta bakoitzaren indarrak eta ahulguneak kontuan izanda. Bigarrenik, lehia neurtuaren garrantzia irakatsi ziguten. Eskola garaian gure lehia jolas mailakoa zen, sanoa eta jolastia, ez handiagoa. Gero, txapelketan lehiaren zurrunbiloan sartu ginen eta horrek askotan kalte egin digu. Hirugarrenik, pasioa transmititu ziguten eta pasio hori biziarazi. Bertsoaz gozatzen erakutsi ziguten. Horrez gain, lagunarte egokia landu zuten, eta hori izan da gure oinarrietako bat; elkar babestu eta elkarrekin gozatzea. Bertso giroa lagunarte bihurtu zen guretzat. Bosgarren tokian, tradizioaren ezagutza eta barneratzea nabarmenduko nuke, nola egin genuen geure bertsoaren sorkuntza ondare hori. Eta, azkenik –nahiz eta beste gauza asko ere irakatsi zizkiguten–, hizkuntzarekiko sena, hizkuntzaz gozatzeko pasioa elementu garrantzitsua izan zen».

Jon Sarasuak garbi dauka: «Gaur egun bertso eskolen errealitateak jarri dio oinarria bertsolaritza bezala ulertzen ditugun gauza askori: bertsolarien kalitate eta kantitateari; gai jartzaile, epaile eta bestelako eragile askoren belaunaldi berritzeari... Bertso eskolek gainditu dute debate zahar hura: bertsoa berezko dohaina ote den edo ikas daitekeen galdetzen zuena. Futbolean jokatzen bezala, bertsotan egiten edonork ikas dezake. Beste kontu bat da Messi izateko berezko dohainak ere behar direla... Gainera, bertso eskolaren egitura hori izan daiteke herri askotan bertsolaritzaren mugimendua, transmisioa baino gehiago egiten duena».

Horrek, baina, ez du esan nahi osasuntsu dauden bertso eskolek arazoak edo kezkak ez dituztenik. Zenbait galdera mahai gainean jarrita itxi zuen Sarasuak saioa: Bertso eskoletan bertsotan egiten erakusteaz, kantatzeaz eta gozatzeaz aparte, ba ote dago ondarearen transmisio ondo pentsatu bat? Zenbateraino dago sentipen eta etika transmisio bat –pathosa eta ethosa–? Profesionaltasunaren eta borondatezko lanaren artekoa nola osatu?

 

«Ia ez nintzen konturatu emakume bakarra nintzela»

Arantzazu Loidi izan zen oholtzara igo zen lehen emakumeetariko bat. Almengo bertso eskola hartan ere emakume bakarra zen, nahiz eta bere aurretik beste batzuk aritu zirela nabarmendu zuen. Baina berak baino ez zuen bidean segitu. «Lagungarri gertatu zitzaidan lehen elementua izan zen ez nintzela ohartu ere egin neska nintzela. Niretzat naturala zen eta ez zen desberdintasun bat nire barruan. Ni nintzen, nire zailtasunekin eta nire gaitasunekin, baina ez neukan buruan emakume izatea oztopo izan zitekeenik. Segur aski oso inuzentea nintzen garai horretan eta gero ikusi nuen baietz, inuzentea nintzela. Horretan ere uste dut nahiko psikologia ona izan zutela gure hiru irakasleek. Bakarrik sentitu ez nendin, txiki-txikitan nire lagunik onena jarri zuten taldean. Babes hori jarri zidaten. Gero, berak utzi eta nik jarraitu egin nuen. Eta lagungarrien artean, lagunartea edo kuadrilla aipatuko nituzke. Gainerakoak lagunak edo ia-ia anaiak izatea mesedetan zen niretzat. Hori izan zen emakume bakarra izan arren, horretaz ia-ia konturatu ere ez egiteko modua».

Bertso eskolan bertan ez zuen oztoporik igarri, «gero, eta kanpoan» etorri zitzaizkion trabak, batez ere txapelketa garaian. «Eskolarteko txapelketara iritsi ginenean nahiko arduratu ziren neska nintzela azpimarratzeaz. Berez, kalekume batek bertsotan egitea bitxia baldin bazen, are bitxiagoa neska izanda eta neska ahotsarekin. Hori izaten zen beste puntillatxoa: neska eta, gainera, neska ahotsarekin. Hor ja zailtasunak eta desberdintasunak sentitu nituen. Eta horretan ere badaukat zer eskertu taldeari eta irakasleei. Nire pertzepzioa zen eurek naturaltasunez bizi zutela ni han egotea. Akaso klabeetako bat izan zen eurengana nola iritsi zen bertsoa, segur aski amaren eta amamaren bitartez. Eta horregatik agian beraientzat naturala zen ni bertsotan aritzea». Eta horretan ere irakasleen psikologia, sekulakoa. «Bakoitzari behar genuena ematen ziguten aurrera egiteko. Gure eskolako klabeetako bat zen hori; bakoitza gure estiloan eta gure nortasunean gai ginela sinetsarazi ziguten. Neska izatearen txokeari aurre egiteko indar bat jaso nuen nik hor».