Karim Shaheen

BIZITZAK IHES EGIN ZUEN HIRIRA EGIN NUEN BIDAIARI BURUZ

Karim Shaheen «The Guardian» britainiar egunkariko Ekialde Hurbileko korrespontsala Turkian zegoen Siriako Idlib probintziako Khan Sheikhuneko eraso kimikoa gertatu zenean. Bertara joan zen handik bi egunetara eta orrialdeotan berak ikusi eta sentitutakoa laburbildu dugu. Nabarmentzekoa da Al Yusuf familiaren sufrimendua, hogei kide galdu baitzituen apirilaren 4 tragiko hartan.

Khan Sheikhunek bizitzarik gabeko hiria dirudi. Apirilaren 4an gas pozoitsuekin bonbardatu zutenetik bertan mamuak baino ez direla bizi esan daiteke. Gas horien artean sarin izenekoa ere bazegoela esaten dute. Ia ehun lagun hil zituen eraso basatiak.

Siriako gerra hasi zenetik egin den eraso kimikorik izugarriena izan zen, 2013an Al-Ghoutako eremuak jasan behar izan zuena albo batera utziz gero. Sheikhungoak Siriarekiko estatubatuarren politikan aldaketa bat eragin zuen, Donald Trumpen Administrazioak aste batzuk lehenago Baxar al-Assad kargutik kendu beharrik ez zuela ikusten adierazi ondoren.

Ostegunean bisitatu nuen Khan Sheikhun, bonbardaketa egin zutenetik 48 ordutara. Turkiatik abiatuta, 140 kilometro egin nituen suntsitutako hirira iristeko.

Atzerriko berri agentzietako kazetaririk ez da egon azken urteotan oposizioko indarrek mendean dituzten Idlib probintziako herrietan. Kazetaria bera bahitzeko arriskua oso handia zenez, Al-Assaden erregimenak egiten dituen bonbardaketak arriskutsuegiak direlako eta Al-Qaeda sarea (gaur egun Hay’at Tahrir al-Sham izena erabiltzen du) hedatzen ari zelako kazetariek erabaki hori hartu izan dute.

Infernua berdetasuna nagusi den eremuan

Idlibeko herri eta hirietan bizitzak aurrera jarraitzen du, baina kontu handiz, gerra eta bonbardaketak ez dira amaitzen-eta. Probintziako nekazaritza eremuak planeta osoko lekurik politenetakoak dira udaberrian: berdetasuna da nagusi eta olibondoak, gereziondoak, arbendolondoak eta intxaurrondoak loratzen ari dira.

Ez nintzen sartu ez Arihara ez Idlibera, baina eskualdeko beste hirietan bizitza arrastoak ikusi ahal izan nituen, arrasto lotsatiak, hori bai, aire erasoek eragiten duten beldurra ez baita bukatzen. Edonola ere, Idlibeko gerra zantzuak ezin dira naturaren edertasunarekin alderatu: hauek gehiago dira eta ozen adierazten dute natura presente dagoela. Probintziara gerra hegazkinak sartu direla adierazteko zaintza dorreek jotzen duten alarma ez zen isildu goiz osoan. Erasoa amaitzean zerura doan kea ikusten da, batez ere herri txikietara begiratuz gero: leku horietako herritarrek bizi duten infernuaz pentsatzera animatzen zaitu.

Khan Sheikhunera iristean bizitzaren arrastorik txikienak ere desagertu egiten dira. Ia erabat hutsik dago hiria, familia askok ihes egitea erabaki zuen-eta. Bertatik ihes egin dutenetako asko bere garaian Hama probintziako borroketatik alde egindakoak ziren. Horietako batzuek hirira itzultzea erabaki zuten, eraso kimikoaren biktimak ehorzteko.

Hasiera batean bonbardaketa kimikoa egin zuten puntura joan nintzen, baina arreta handiz, bertan denbora gehiegi egin gabe, aire erasoak egiten dituztenen zaintza etengabea baita. Errusiako Defentsa Ministerioak esandakoa egiaztatu nahi nuen, alegia, siriar erregimenak arma kimikoak zituen biltegi bat bonbardatu zuela, eta horrek eragin zuela tragedia. Oraindik garbi ikusten zen jaurtigaia erori zen puntua: zulo beltza kalearen erdian, eta metraila zati berdeak. Alde batean, etxebizitzak; bestean, biltegi bat eta zerealak ekoizteko erabiltzen zituzten siloak. Biltegia zutik zegoenez, bertan sartu nintzen. Hondakinak besterik ez eta boleibolen aritzeko erabiltzen den sare horietako bat, aspaldi honetan erabili gabea. Siloetan lasto pixka bat, simaurra eta ukuilu usaina baino ez.

Salbamendu taldea laguntza eske

Kasko zuria jantzita ibiltzen diren Defentsa Zibileko boluntario batek bonbardaketa kimikoaren egunean gertatutakoa deskribatu zidan: 06.30etik 07.00etara gerra hegazkinek lau eraso egin zituzten. Hasiera batean salbamendu taldeek eta herritarrek pentsatu zuten ohiko eraso bat zela. Lehen kasko zuriak iritsi zirenean, egoitza nagusian zeudenak harrituta geratu ziren, laguntza eskariak egiten baitzituzten besteak salbatzera joandakoek. Konortea galtzen ari zirela jakinarazi zieten egoitzakoei. Orduan ulertu zuten gas pozoitsuak jaurti zituztela hegazkinek.

Tragedia gertatu zen lekutik gertu bizi da topatu nuen gizon bat. Abu al-Baraa zela esan zidan. Erasoa izan eta gero kalera irten zela kontatu zidan, eta irudi beldurgarriak ikustea tokatu zitzaiola. Erasoaren biktimak lurrean zeuden, hilda edo zaurituta. Batzuek ezpainak urdinduta zituzten. Arnas hartzea asko kostatzen zitzaien eta batzuk ahotik aparra zeriola zeuden, herritarrak eskainitako lekukotasunaren arabera.

Apokalipsiaren tankerako zerbait deskribatu zuten bertaratu ziren salbamendu taldeek: ohean itota hildako umeak, eta familia osoak konortea galdu eta etxeko eskaileratan, teilatu lauan edo sotoetan erorita.

Bizirik atera zituzten herritarrak hiriko erietxera eraman eta bertan zaindu zituzten. Baina ospitalea berehala bete zen eta geroztik iritsi zitzaizkien ehunka lagunak non sartu ez zekitela geratu ziren. Gehienak itotzen ari ziren. Khan Sheikhunen kabitzen ez zirenak, Idlib probintziako eta Turkiako erietxeetara eraman behar izan zituzten.

Handik ordu batzuetara, Khan Sheikhuneko erietxe nagusia eta Defentsa Zibilak inguruan dituen instalazioak bonbardatu zituzten. Harrizko mendi baten barruan eraiki bazituzten ere, zerbitzu horiek erabili ezinik geratu ziren.

Atropina injekzioak alferrik galduta

Erietxea eta Defentsa Zibila zeuden lekura iritsi nintzenean, sarreran hondakinak besterik ez zeuden. Sartu egin nintzen. Oso toki iluna zen une hartan, argindarrik ez baitzegoen eta suntsiketa erabatekoa baitzen. Ez nuen armarik ikusi ospitalean, medikuek erabilitako tresneria txiki-txiki eginda besterik ez, eta lurrean ikusi nituen alferrik galdutako botikak, erabiltzerik ez dagoen ebakuntza-gela eta sarin gasaren ondorioei aurre egiteko erabiltzen diren atropina injekzioak. Medikuek ezin izan zituzten injekzio horiek erabili, bonbardaketaren erdian lekua ebakuatu beharra izan zuten-eta.

Erietxe izan zen tokitik Al-Yusuf familiaren etxera joan nintzen, hogei senide galdu zituztenen etxera. Abd al-Hamid al-Yusuf ikusi nuen, erabat lur jota geratzeko puntuan. Bera ageri den irudiak sekulako hedapena izan zuen sare sozialetan: Ahmad eta Aya seme-alaba bikien gorpuei besarkatuta ageri zen. Eraso kimikoaren eraginez itota hil ziren bi txikiak. Bederatzi hilabete baino ez zuten. Egun madarikatu hartan hil zituzten Abd al-Hamid al-Yusufen emaztea, anaia, beste senide batzuk eta anai-arreben seme-alabak. Hogei lagun. Abd al-Hamid eta Jaled anaia biktimei laguntza ematen saiatu ziren lehen ordu haietan, emaztea eta seme-alabak babesleku batean sartu ondoren. Baina gas pozoitsua sotoetara sartu zen eta familia itota hil zen, segurutzat jotako puntuan.

Abd al-Hamidek nerbio-krisi bat jasan zuen gertatutakoaren berri izan zuenean. Nirekin hitz egin zuenean shock egoeran jarraitzen zuen; txandal iluna jantzita, oso argalduta zegoen, bizpahiru eguneko bizarrarekin. Begirada galdu egiten zuen tarteka eta bere onera itzultzean, seme-alaben izenak errepikatzen zituen. Etxekoek esaten zioten denbora beharko zuela gertatutakoa barneratzeko, malko artean.

Jaled anaiak gaixo segitzen du eta hildakoak gogoratzean negarrez hasten da. Alaa Yusuf lehengusuak (goian aipatutako irudia hartu zuena) gogoan du Abd al-Hamidek txikiak besarkatuta eduki zituela hilobira iritsi arte. «Artatxori hauekin nagoela egidazu argazkia», esan zion argazkilariari.