Ibon Etxezarreta

Urrats bat bizikidetzaren alde

Duela 14 urte, gaurko egunez, Juan Mari Jauregiren aurka egindako atentatuan parte hartu nuen. Denbora guzti honetan, urteak eman ditut atentatu honen eta beste guztien ondorio larriei buruzko hausnarketan sakondu nahi gabe. Atentatua, Gobernadore zibil ohi baten aurka egin genuela pentsatzera mugatuz, Juan Mari pertsona moduan ikusi gabe.

Gaur egun, argi daukat Juan Mari Jauregiri egin geniona zuritu ezina dela. Atentatu horrek, atentatu guztiak bezala, Juan Mariri bizitza kentzeaz gain, bere familian izugarrizko eta konponezinezko mina sortzeko soilik balio izan zuelako.

Azken urte hauetan, aukera izan dut biktima batzuen testigantza gogorrak entzuteko. Espetxean testigantza batzuk entzun ditut eta “permiso penitenciario” batean, Maixabel Lasarena. Nire militantzian egindako ankerkeri guztien gainetik pertsona naiz eta gisa horretako atentatuek nola familia jakin batzuetan eragin duten mina ezagutu eta ondorio larrien testigantzak beraiengandik entzuteak, hunkitu eta mindu egin nau.

Nahiz eta Maixabel Lasaren zuzeneko testigantzaren berri izan, hala ere zaila egiten zait bere familian urte guzti hauetan Juan Marik utzitako hutsunea zenbaterainokoa izan den irudikatzea. Kontziente naiz min guzti honen aurrean, hitz guztiek hutsalak diruditela. Aldi berean, badakit gutun hau ere oso berandu, beranduegi, iristen dela. Hala eta guztiz ere, urteurren triste honetan argi eta garbi esan nahi dizuet Juan Mari Jauregiren familia eta lagunoi, bihotzez sentitzen dudala oraindela 14 urte egindakoa.

Eragindako bidegabeko min guzti honen aurrean, isiltasuna edota immobilismoa ezin dira izan gure ekarpenak. Elkarbizitza normalizatu batera iritsi nahi badugu, sortarazitako zauriak eta gorrotoak ahal den neurrian sendatzen eta ixten lagundu beharko dugu. Zentsu honetan, beharrezkoa deritzot Sortuk konpromiso serioa hartzea blokeo egoera honi buelta emateko. Zeren gertatuaren ardura ezin baita militante, preso eta preso ohien bizkarrean soilik utzi norbere erantzukizun politikoa ekidinez.

Badakit azken hamarkadetan Euskal Herrian pairatu den bortizkeria bakarra ez dela ETArena izan. Baina hori ezin dugu aitzakiatzat hartu eman behar ditugun urratsak emateko orduan. Edo duela hiru urte hartutako aldebakarreko erabakia lehenbailehen amaieraraino eramatekoan.

Oraindik badira, ENAMko munduan eta mundu honetatik at ere, eragindako bidegabeko mina aitortu gabe eta iraganeko autokritikan sakontzeke jarraitzen dutenak. Baina pentsatu nahi dut, borroka armatuaren bukaerarekin irekitako garai berri honetan, biktima guztiei eragindako bidegabeko minaren aitortza gero eta gertuago dagoela. Euskal Herriko gizartea, eta batik bat, Juan Mari Jauregiren familia bezala urte guzti hauetan ETAren bortizkeria eta beste bortizkeri oro pairatu duten familiek hori merezi dutelako.

Gutun hau amaitu aurretik eskerrak eman nahi dizkiot Maixabel Lasari. Nire kasuan, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegotik egindako lana eta bere jarrera irmo eta aldi berean eskuzabala lagungarria izan zaidalako nire iraganeko hausnarketa kritikoan sakontzeko, egoera gogor honetan gizatasun handiko pertsona ezagutu baitut.

Bilatu