iPhone berriari begira

Asteazkena, irailak 12, teknologiaren inguruan egun garrantzitsutzat dute askok, jada. Apple konpainiak bere telefono berria, iPhone 5 izenarekin ia ziur, aurkeztea espero baita. Nolakoa izango den? Zurrumurruak ugari, eta beti bezala aurkezterako salmenta aurreikuspenak eta burtsako akzioak gora sagarraren konpainian.

ION TELLERIA|DONOSTIA|2012/09/11|6 iruzkin

Apple konpainiak iPhone berriak erabiliko duen iOS 6 sistemaren inguruko xehetasunak soilik aipatzen ditu oraingoz webgunean, baina asteazkenerako egin duen prentsa deialdian eguna zehazten duen 12 zenbakiaren itzala 5 bat da, eta ziurra denentzat, jada, iPhone 5 aparatuaren aurkezpena izango dela.

Gailu berriaren inguruko informaziorik ez aurreratzeak sortzen duen zurrumurru saltsarekin egin daitekeen kanpainarik eraginkorrena sortu du berriz ere sagarraren konpainiak. Izango duena eta ez duena, sarean bolo-bolo dabilen esames zopa bilakatu da.

Gehienek uste dute 4S baino luzeagoa eta pixka bat finagoa izango dela telefono berria. Goiko bideoan ikusten dena izan ahal da bere itxura, nahiz eta bideoaren egiazko izaerarik ez duen inork berretsi.

Luzeagoa izango dela pentsatzeko argudio gehiago ere badira, tartean aurkezpen ekitaldirako San Francisco hiri estatubatuarreko Yerba Buena Gardens eraikinean eman duten dekorazioa. Ohiko ikonoen luzapenetik abiatutakoa dela diote batzuek, pantailaren luzatze horren erakusgarri edo. Lau hazbeteko luzera (10,6 zm) izango luke gailu berriak, zurrumurru hauen arabera, baina zabalera bera 16:9 erlazioa sortuz, 640 x 1136 pixeleko erresoluzioarekin.


Aurkezpeneko eraikineko paretako irudia ikono luzatuak direla uste du askok. MACRUMORS

Gailuaren gaitasuna zenbatean hobetuko den ere eztabaidarako gai da. Inork ez du zalantzarik RAM memoria handiagoa izango duela (GB 1ekoa izan ahal dela diote batzuek, baina gutxitxo dela besteek, Samsungen azkenak 2 dituelako). Prozesadorean ere hobekuntza nabarmena espero da.

Konexioei dagokienez, 4G LTE teknologia hartuko du telefono berriak. Gaur egun Euskal Herrian dagoen 3Gren hurrengo urratsa izango litzateke, oraindik gurean profitatu ezin dena.

Ahotsaren errekonozimendurako Siri sistema ere zalantzan jarri du Audience etxeak, zerbitzu honen garatzaile denak. Aste honetan bertan adierazi du Audience-k ez duela uste belaunaldi berriko telefonoetan sistema hori txertatuko duenik Apple etxeak. Hala ere, ez dirudi horrela izango denik, iOS 6 sistema eragile berriaren promozioan garrantzia handia ematen baitio Apple-k zerbitzu honi.

MikroUSB sarrerarik izango duen, mikroSD txartelentzat zuloa agian... Zurrumurru denak berehala amaituko dira asteazkeneko aurkezpenarekin; behin publiko eginda irailaren 21ean hasiko dira saltzen iPhone 5 izenarekin.

Akzioak gora nabarmen

Sagarraren konpainiak zerbait lortu badu urte hauetan bere produktuen inguruko zurrumurruek promozio kanpaina merke eta eragin izugarrikoa sortzea da. Jada, eta gailu berriaren inguruko datu ofizialik gabe, lehen astean 10 milioi aparatu salduko dituztela iragarri dute adituek. Azken hiruhilekoan 26 milioi iPhone4S saldu dituzte.

Astelehen honetan zurrumurru horiek dezenteko irabaziak eragin dizkio, jada, Apple konpainiari. Wall Street-eko burtsan 682 dolarreko balioa hartu dute bere akzioek, gerora apur bat behera egin badute ere.

Zurrumurruak, gainera, ez dira soilik iPhone berriaren inguruan. iPad aparatuaren bertsio txikiagoa, iPad mini deiturikoa, ere berehala egin dezakete publiko, eta baita iMac sorta berria ere.

Kontrakoak

‘Sagarzale’ amorratu ugari dago munduan eta salmentek eta zurrumurruek hori erakusten dute, baina kontrakoak ere badira. Konkurrentzian diren konpainiak batetik, eta Apple konpainiaren izaera «eder» hori zalantzan jartzen dutenak bestetik.

Hilabete luzeetan eman dute zer esana Apple konpainiaren, eta beste askoren, ekoizle nagusi den Foxconn enpresako langileen baldintzek. Aste honetan bertan mundu osora hedatu den albistea kontrol sozialari loturikoa izan da. Poliziak aginduz gero, bere gailu guztiak blokatzeko aukera emango liokeen teknologia patentea erregistratu baitu konpainia estatubatuarrak.

Berez, irudiak grabatzea debekatua dagoen lekuetarako dela dio konpainiak, «eremu sentsibleetan telefono edo kamerek argazkirik edo bideorik egin ez dezaten». Baina, aldi berean «Poliziaren edo Gobernuaren operazioek erabateko itzalaldi egoerak» behar izan ditzaketela ere badiote, eta hortik zalantza eta kritika azken egunetan.

Apple bere eskaintza berria aurkeztekotan dela, NexPhone gailuaren ezaugarriak ezagutu ditugu. Ubuntu eta Android sistemak konbinatuz euskarri guztiak elkar harremanean jarriko dituen produktua iragarri dute. Hemen iragarpen bideoa.

LOTURAK