ION TELLERIA
BAIONA

‘Nire argazkia’, euskararen memoria bizian barrena

«Euskalkiei eta memoriari» buruzko film dokumentala da ‘Nire argazkia’ eta Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute asteazken honetan (19.30ean). Euskalkien baitako bidaia proposatu dute Jokin Etcheverriak eta Benjamin Duinatek, «jendea eta gure mintzaira hertsiki ezagutzeko».

Jeanne Castillon Donapaleuko emakumea da filmako protagonistetako bat. NAIZ.INFO
Jeanne Castillon Donapaleuko emakumea da filmako protagonistetako bat. NAIZ.INFO

Hiru familietako ahaideek dituzten argazkien inguruan izandako solasaldiak hartu dituzte abiapuntu Jokin Etcheverria eta Benjamin Duinat lapurtarrek «euskalkiei eta memoriari buruz» mintzo den film dokumental honetan; hortik J.O.K films ekoizpen etxeak bultzatu duen ‘Nire argazkia’ filmaren izenburua.

Benjamin Duinat bera doa filmean Lekeitio, Azpeitia eta Donapaleuko familia banarengana. Etxean duten argazki bat hartu eta honek sortzen dizkien oroitzapenen inguruan mintzo dira familiako kideak. «Mintzaira eta gizarte memoriaren parte bat artxibatzea» dute xede egileek. Ekarpena «arras txikia eta xumea» izango dela diote, baina Duinatek berak dio, «jendeak egunerokotasunean euskararekin duen harremanaz gogoetatzea» lortzen badute pozik izango dela.

Hastapenean, adineko jendearengana joatekotan ziren baina filman parte hartzen duen Iñaki Gaminde EHUko irakaslearekin izan ostean, «euskara norantz doan aztertu behar dela» ikusi omen zuten. Hartara, familiako kide guztien arteko elkarrizketa jasotzen saiatu dira.

Lehen alea

Asteazkenean (19.30ean) Bilboko Kafe Antzokian, eta gero Euskal Herri osoan, aurkeztuko duten ‘Nire argazkia’ serie dokumental baten lehen alea baizik ez da izango. Epe luzean kokaturiko ikusentzunezko seriea baita proiektua.

Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza baten bultzadarekin ekin zioten egitasmoari eta ETB1en ere ikusi ahalko da herriz herriko aurkezpenen ostean.