NAIZ.INFO
BILBO

Iberdrolan dagoen «prekarietatea» ekintza baketsu batez salatzeagatik 21 lagun epaituko dituzte

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, datorren astelehenean 21 lagun epaituko dituzte, martxoan Iberdrola Dorrean burututako ekintza baketsu batean parte hartzeagatik. Konecta azpikontratan izandako kaleratzeak salatu nahi izan zituzten.

Xabier Ugartemendia, erdian, auzipetuetako batzuekin egindako agerraldian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Xabier Ugartemendia, erdian, auzipetuetako batzuekin egindako agerraldian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

LABen egoitzan eginiko agerraldian, datorren astelehenean hogeitabat lagunen aurka egingo den epaiketaren berri eman du Xabier Ugartemendiak, zerbitzu pribatuetako sindikatuaren arduraduna.

Ugartemendiak azaldu duenez, iragan martxoaren 22an, Konecta enpresan kaleratzea salatzeko abian jarritako dinamika baten baitan, LABek ekintza baketsua egin zuen Iberdrola dorrean. Protestaren helburua Konecta azpikontratzen duen Iberdrolaren ordezkariekin batzar bat eskatzea zen eta, itxaroten zuten bitartean, eserialdia egin zuten.

Inolako erantzunik eman gabe, Iberdrolak Ertzaintza deitu zuela, kaleratu zituztela eta haien aurkako salaketak jarri zituela nabarmendu du sindikatuak. Gertakari horien ondorioz, 21 lagun epaituko dituzte astelehenean (10.30ean), Bilbon. Auzipetuei desordena publikoa eragitea egozten zaie eta isun ekonomikoa jaso dezakete: 10 eta 60 egun bitartekoa, egun bakoitzeko 10 eta 30 euro bitartekoa.

Elkarretaratzea

10.30ean bertan, elkarretaratzea egingo du LAB sindikatuak, Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean, «Iberdrola langileon kontura aberasten. ¡No a la criminalización de la protesta!» lelopean.

LAB sindikatuak salatu duenez, 21 lagunak epaituak izango dira «Iberdrolak eragindako prekarietatea salatzeko helburu bakarra zuen protesta baketsu batean parte hartzeagatik».

Sindikatuak azaldu duenez, azken urteotan, Konecta enpresan 340 langile izatetik 260 izatera pasatu dira. «Iberdrolak kriminalizatu nahi izan ditu bere joko zikina salatzen duten ekintzak, beren interesen aurka doan edozein protesta isilaraziz», arbuiatu du Ugartemendiak.