NAIZ.INFO
BEASAIN

Atez ateko zabor bilketa sistema jarriko dute Goierriko hiru herritan hiru hilabeteren buruan

Atez ateko zabor bilketa sistema Goierrira ere iritsi da. Legorreta, Zaldibia eta Itsasondoko udalek ezarriko dute hiru hilabeteren buruan, herritarrekin prozesu partehartzaile bat landu ostean.

Ezkerritik eskuniera, Iñaki Erauskin Sasietako zerbitzu arduraduna, Bakartxo Mendez Legorretako alkatea, Joxean Etxabe Zaldibiako alkatea eta Axier Garro Itsasondoko alkatea. (ARGZKI PRESS)
Ezkerritik eskuniera, Iñaki Erauskin Sasietako zerbitzu arduraduna, Bakartxo Mendez Legorretako alkatea, Joxean Etxabe Zaldibiako alkatea eta Axier Garro Itsasondoko alkatea. (ARGZKI PRESS)

Legorreta, Zaldibia eta Itsasondoko alkateek prentsaurrekoa eman dute Beasainen, Sasieta Mankomunitateko lehendakariarekin batera, hiru herriok atez ateko zabor bilketa sistema martxan jarriko dutela adierazteko.

Goierriko hiru herriotan gehiengo osoz kudeatzen ditu udalak Bilduk eta hiru hilabeteren buruan zaborra jasotzeko sistema berria martxan egotea espero dute. Horrenbestez, Hernani, Oiartzun, Usurbil eta Antzuolari gehituko zaizkie.

Sasieta Mankomunitateak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, hiru herriok eman dituzte sistema berria ezartzeko lehen pausoak. Spora izeneko enpresa katalan batek egin du sistemaren bideragarritasun plana eta atez atekoak birziklatze arloan emaitza hoberenak ematen dituela ondorioztatu du. Bestalde, ekonomikoki «jasangarria» dela ere ondorioztatu dute.

Azeari Andonegi mankomunitateko lehendakariak prentsaurrean adierazi duenez, egun Goierriko birziklatze maila %35ekoa da eta sistema berria ezarriz gero, %80ra irits daitekeela azaldu du.

Atez atekoa martxan jarri aurretik, ordea, prozesu partehartzaile bat abiatuko dute Legorreta, Zaldibia eta Itsasondoko udalek. Bide horretan, herritarren parte hartzea espero dute, atez atekoaren ezarpena herritarrek nahi duten modukoa izan dadin.

Horretarako, plangintza bat osatu dute, hurrengo astean hasi eta abenduaren 19 arte luzatuko dena. Urtarrila amaieran edo otsaila hasieran atez atekoa martxan egotea espero dute alkateek.