NAIZ.INFO
DONOSTIA

Prezioek goranzko joerari eutsi diote urrian Hego Euskal Herrian

Prezioek goranzko joerari eutsi diote urrian Hego Euskal Herrian. Aurreko hilabetearekin alderatuta nabarmen garestitu dira, batez ere Araban (%1,2). Urte arteko inflazio tasari dagokionez, ez da aldaketa handirik izan eta %3tik gora jarraitzen du.

Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) gora egin du urrian Hego Euskal Herrian, INE estatistika institutu espainiarrak emandako datuen arabera. Irailarekin alderatuta, Araban garestitu dira gehien prezioak (%1,2). Bizkaian eta Gipuzkoan, hazkundea %0,9koa izan da eta, Nafarroan, zertxobait apalagoa, %0,6koa.

Azken urteko eboluzioari erreparatuta, inflazioak ez du aldaketa handirik izan baina %3tik gora jarraitzen du Nafarroan, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroak du inflazio tasarik altuena, %3,5ekoa. Irailetik hamarren bat jaitsi da. Bizkaian eta Gipuzkoan ez du aldaketarik izan eta %3,3 eta %3,1ean jarraitzen du, hurrenez hurren. Araban hamarren bat jaitsi da, %2,8 arte.

INEren arabera, urrian gehien garestitu diren sektoreak oinetako eta arropena eta irakaskuntza izan dira.