Naiz.info
Donostia

Gipuzkoako garraioetarako ‘Mugi’ txartel bateratua aurkeztu dute

Txartelak hiru aukera izango ditu: kolektiboa, arrunta eta anonimoa. 25 urte arteko gazteek, ezinduek, adinduek eta gizarte kolektiboek deskontu bereziak izango dituzte.

‘Mugi’ txartel bateratua martxoaren 4an jarriko da indarrean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
‘Mugi’ txartel bateratua martxoaren 4an jarriko da indarrean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

‘Mugi’ txartel bateratua Gipuzkoako Dbus, Lurraldebus, Euskotren eta Irungo, Errenteriako, Hernaniko eta Arrasateko autobus zerbitzuetan izango da erabilgarria datorren martxoaren 4tik aurrera.

Txartelak hiru aukera izango ditu. Arrunta izango da bata, orlegia, eta pertsonalizatua izango da, titularraren datuekin.

Bestea kolektiboa da, orlegia baita ere, baina talde batek erabili ahal izango du.

Azkena, anonimoa, horia da, eta titular zehatzik gabekoa.

Bestetik, Gipuzkoako Garraio diputatu Larraitz Ugartek jakinarazi duenez, Lurraldebus txartel arrunta duten hiritarrek ez dute txartel berri bat egin beharko, baina kolektibo berezietakoei etxera gutuna iritsiko zaie egin behar dituzten urratsen berri emanez.

25 urte arteko gazteek deskontu bereziak izango dituzte, baita ezinduek, adinduek eta gizarte kolektiboetakoek ere.