NAIZ.INFO
ALTSASU

Erantzun ona izan du Sakanako greba orokorrak

‘Sakana ez itxi. UPNk etorkizuna lapurtzen digu’ lelopean deituriko greba orokorrak izan duen erantzuna %70etik gorakoa izan da, LABen arabera. Goizean, eguerdian eta arratsaldean manifestazio jendetsuak egin dituzte Altsasun, Etxarrin, Irurtzunen, Olatzagutian eta Iruñean, UPNren ereduaren aurka.

Irudia, Sakanako greba orokorraren harira Iruñean egin duten protestaren une bat. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Irudia, Sakanako greba orokorraren harira Iruñean egin duten protestaren une bat. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

‘Sakana ez da ixten. UPNk etorkizuna lapurtzen digu’ lelopean, LAB, EHNE, STEE-EILAS eta beste hamarnaka eragile sozial, politiko eta instituzionalek deituta greba orokorra egin dute eskualde horretan, krisi ekonomikoa dela eta gogor kolpatua izan den zonaldea baita.

LABek emandako datuen arabera, jarraipena %70etik gorakoa izan da Altsasu, Etxarri eta Lakuntzako industriaguneetan, eta zertxobait apalagoa Olatzagutia eta Irurtzunen.

Gamesa, Arfe, Isphording Hispania, Refinsa, Inasa, Ufesa... Azken urteetan Sakanan itxitako eta, zenbait kasutan, deslokalizatutako enpresen izenak dira. Ondorioz, langabeziak nabarmen egin du gora eta paisaian ugariak dira abandonatutako lantegiak. LABen arabera, 1.972 pertsona daude langabezian eskualde horretan.

Goizean manifestazioak egin dituzte Altsasun, Etxarrin, Irurtzunen eta Olatzagutian. Altsasun, adibidez, herri guztia zeharkatu dute eta enpresa gehienak itxita zeudela ikusi da. Ehunka persona bildu dira eta protestaren arrakasta goraipatu dute amaierako eitaldian.

3.000 lagun Iruñean eta 2.000 Altsasun

Eguerdi partean Iruñean egin dute manifestazioa. Protestaren aurretik hitz batzuk egin ditu Gaizka Uharte eskualdeko LABeko arduradunak. Deialdiaren «arrakasta» goraipatu du, «enpresa gehienak itxi ditugu eta mobilizazioetan jende askok hartu du parte», azalduz.

Sakanak bizi duen egoera UPNk azken urteetan eraman duen politikaren «adibide» dela esan du Uhartek, «bere eredu zentralistak eskualdeak alde batera utzi baititu». Iruñeko manifestazioarekin eskualdearen egoera agendaren lehen planoan jartzea lortu dutela azaldu du.

Poliziaren presentzia «itogarria» izan dela salatu du LABeko kideak.

Iruñeko martxa Antoniutti parketik irten da eta hiriburuko hainbat kale zeharkatu ditu, enpresen itxieren eta lan postuen aldeko oihuen laguntzaz.

Arratsaldean, sakandarrak berriro Altsasun bildu dira manifestazioan. 2.000 lagun inguru bildu dira.