NAIZ.INFO
GASTEIZ

Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ sei hizkuntzatara itzuliko dute

Bernat Etxeparek idatzitako ‘Linguae Vasconum Primitiae’, euskaraz argitaratu zen lehen liburua, galiziera, katalan, errumaniera, arabiera, txinera eta kitxua hizkuntzetara itzuliko da, Euskaltzaindiak eta Gasteizko Legebiltzarrak sinatutako lankidetza-hitzarmena garatuz.

‘Linguae Vasconum Primitiae’ren faksimile edizioa aurkeztu zuten 2011ko abenduan Gasteizko Legebiltzarrean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
‘Linguae Vasconum Primitiae’ren faksimile edizioa aurkeztu zuten 2011ko abenduan Gasteizko Legebiltzarrean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Parlamentuko Mahaiak, martxoaren 26an eginiko batzarrean, eta Euskaltzaindiak eta Legebiltzarrak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan, Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ lanaren itzulpena egitea onetsi zuen.

2011ko abenduaren 2an Legebiltzarrean aurkeztu zen Etxepareren bertsoak jasotzen dituen euskarazko jatorrizkoaren faksimile-edizio bat, bai eta hainbat hizkuntzatara egindako itzulpena ere, hain zuzen, espainiera, ingeles, frantses, aleman eta italierara.

Oraingoan, erabaki da testua euskal gizartean presentziarik handiena duten komunitate linguistikoen hizkuntzetara ere itzultzea, hau da, galiziera, katalan, errumaniera, arabiera, txinera eta kitxua hizkuntzetara.

Andres Urrutia euskaltzainburua Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin bildu zen joan den urtarrilaren 22an, eta orduan jakinarazi zion helburu hori, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenaren garapen gisa.

Halaber, mahai gainean jarri zituzten aztertzen ari diren hainbat ekintza bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko, euskararen sustapenaren eta erabileraren arloan lanak bultzatzeko helburuarekin. Urtarrilean izandako bileraren egun berean, Euskaltzaindiko Zuzendaritzako kideek ohiko bilera egin zuten Gasteizko Parlamentuan, eta euskararen arloko aholku-erakundearen osoko bilkuraren bilera ekainaren 28an Legebiltzarrean egitea ere onartu da.

Osoko bilkurak normalean hilaren azken ostiraletan egiten dira Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian, baina ez da ezohikoa hiriburuetako egoitza instituzionaletan ere biltzea. Eusko Legebiltzarrean lehenengo aldiz bilduko da Euskaltzaindiaren osoko bilkura.