NAIZ.INFO
ORENDAIN

Orendainen abiatu dute Mundumob ekimena, iraunkortasunaren alde

«Eman hartu nahi duzun mundua» lelopean herriz herri iraunkortasunaren aldarrikapena eramango du Gipuzkoa Zero Zabor-ek abiarazi duen ekimenak. Ibarran izango dira igandean eta ekainaren 8an Donostian amaituko da.

Ekimenaren soinu bandari loturiko koreografia dantzatu dute bildutakoek. (Mundumob)
Ekimenaren soinu bandari loturiko koreografia dantzatu dute bildutakoek. (Mundumob)

«Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra». Hori da Mundumob ekimenaren oinarria, iraunkortasuna. Ideia horri tiraka Gipuzkoako herriak zeharkatuko ditu ekimenak, igandean Ibarran dute geltokia eta ekainaren 8an Donostian amaituko da.

Abiapuntua Orendainen jartzea ez dela kasualitatea adierazi dute, «Orendaindik ez da hondakin organikorik ateratzen beste herriren batean usteltzera», adierazi dute, guztia herrian bertan ongarri bihurtzen dutelako.

Mundua neurririk gabe ustiatzen jarraitzeko «jarrera patologiko» hori alboratzeko beharra azpimarratu dute, «naturaren parasito izatetik, naturarekin sinbiosian bizitzera» pasatzeko beharra dagoela esan dute.