NAIZ.INFO
IRUÑEA

AHTren dirua «komun zulotik behera» joaten dela salatu du Mugitu! kolektiboak

Euskal Herriko hainbat tokitan billetez betetako komun-ontziak kale eta plazetan jarri ditu Mugitu! taldeak, AHT egiteko erabiltzen ari den «dirutza ikaragarria komunetik behera botako balitz bezala» irudikatzeko asmoarekin.

Gizon bat, Iruñean jarritako komun-ontzietako bati argazkia ateratzen. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Gizon bat, Iruñean jarritako komun-ontzietako bati argazkia ateratzen. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez Mugitu! elkarteak jakinarazi duenez, orotara 35 komun-ontzi jarri ditu Nafarroan, AHT egiteko erabiltzen ari den dirutzaren aurka protesta egiteko.

Komun-ontzi gehienak Iruñerrian jarri dituzten arren, Nafarroako beste eskualde batzuetan eta Donostia, Bilbo, Billabona edota Galdakao bezalako beste puntu batzuetan ere izan du isla protesta berezi honek.

Krisi ekonomiko garaian «gobernuek azpiegitura erraldoien politikari» eusten diotela salatu du protesta honen bitartez Mugitu! kolektiboak.

«Gobernuek ATHri zuzentzen dioten dirua komun-zulotik behera botatzen jarraitzerik ezin dugu utzi, gizartearen sektore gero eta zabalagoak miseriara kondenatzen dituzten bitartean eta lurra zatitzen eta txikitzen jarraitzen duten bitartean», nabarmendu dute.