NAIZ.INFO
Donostia

Azken txanpan sartu da 197/2006 doktrinaren aurkako Herritarron Epaia ekimena

Hernanin, Urbinan, Bermeon, Urruñan eta Alonsotegin izango da asteburuan Herritarron Epaia ekimena bere azken txanpan. Guztira 80 bat herri pasa ostean iritsiko da Iruñera ekimena irailaren 14ean. Emaitza Frantziako eta Espainiako estatuei eta nazioarteari bizi arteko espexe zigorraren aurkako aldarria helarazteko baliatuko du Herrirak.

Herritarron epaia Tafallan abiatu zuten.
Herritarron epaia Tafallan abiatu zuten.

Asteburuan beste bost herritan izango da Herritarron Epaia ekimena. 197/2006 doktrina bertan behera uztea eskatzeko ekimenak Euskal Herriaren luze zabala zeharkatu du ekainean Tafallan abiatu zenetik. Ostiralean Hernanin eta Urbinan izango da ekimena eta Bermeon, Urruñan eta Alonsotegin igandean.

Datorren astean izango ditu azken plazak bizi arteko espetxe zigorraren aurkako ekimenak. Irailaren 5ean Iruñeko Donibane auzoan izango da, 6ean Zigoitian eta 7an Mugian, Bakon eta Hondarribian. Donostiako estropaden egun nagusian bertan izango da eta egun berean Abornikanon eta Errezilen.

Herriraren arabera guztira 80 herri bisitatuko ditu ekimen honek 197/2006 doktrinaren aurkako herritarren ekarpenak jasoz. Irailaren 14ean dute azken zita, 18.00etan Iruñeko Anaitasunan. Herrirak aurreratu du «sorpresaz beteriko ekitaldia» izango dela bi aste barrukoa. Ekitaldian herriz herri jaso dituzten ekarpenak jakinaraziko dituzte eta Europako instituzioetara eramango dituzte gero.

Bere deialdian Herrirak esan du «Anaitasuna lepo betetzea» dela ikasturte hasierako «erronka». Bertaratzeko deialdia egin dute «bizi arteko zigorra bertan behera uztea eskatzeko eta giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko mezu argia zabaltzeko, bai estatuei eta baita nazioarteko komunitateari ere». Herri eta auzoetan autobusak antolatzeko deia ere egin du Herrirak.