NAIZ.INFO
Baiona

Azaroaren 2an sortuko da Ipar Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarren gazte eragile berria

Otsailaren 2an abiatu zuten ‘Gazte Dinamika Berria’ izenarekin Ipar Euskal Herriko hainbat gaztek gogoeta prozesua eta gaur iragarri dute 120 gaztek parte hartu duen dinamikaren ondoren, gazte antolakunde berri bat sortzea erabaki dutela Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarako. Azaroaren 2an Baionan ‘Jeiki gazte!’ lelopean egingo dute aurkezpen jaialdia.

 Azaroaren 2ko ‘Jeiki gazte!’ egunaren aurkezpena. (Gaizka IROZ)
Azaroaren 2ko ‘Jeiki gazte!’ egunaren aurkezpena. (Gaizka IROZ)

«Historia markatuko duen egun bat» izango da azaroaren 2a Ipar Euskal Herrirako ‘Gazte Dinamika Berria’ lelopean garatu duten prozesuko kideen arabera. Antolakunde berri bat aurkeztuko dute Baionan, «Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleak ordezkatuko dituen antolakuntza».

Otsailean abiatu zuten ‘Orain dun/k tenorea’ leloari helduta prozesua, Ezpeletan antolatu zuten gazte egunarekin. «Arrakastatsua» izan zen lehen kolpe hura gazteen iritziz eta hurrengo zortzi hilabeteetan gogoeta eta eztabaida prozesu sakona eraman dutela adierazi dute gaurko Baionako agerraldian. 120 gazte inguruk parte hartu dute prozesu horretan eta oso pozik agertu dira bultzatzaileak izandako harreragatik.

Ondorio nagusi bat atera dutela adierazi dute, antolatzeko beharra «egunerokotasunean ditugun arazoei modu eraginkorrago batean erantzuteko eta konponbideak lortzeko». Antolakunde berria «gizartean eta oro har sistema honetan» gazteen ahotsa «entzuna eta errespetatua izan dadin» sortuko den erabile politiko eta soziala izango dela aurreratu dute.

‘Jeiki Gazte!’, egun osoko egitaraua

Abiapuntua indartsua izatea nahi dute eta egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako Baiona ttipian. Eztabaida batek abiatuko du eguna, nazioarteko hainbat ordezkariren parte hartzearekin krisi ekonomikoa izango dute hizpide. Kortsika, Bretainia, Flandria, Alemania, Italia, Katalunia, Venezuela, Palestina eta Kurdistango ordezkariak izango direla iragarri dute.

Txaranga giroan bazkaria izango da gero eta animazioak eta gazteen arteko harremana sakontzeko jokoak izango dira. Iluntzean gazte antolakunde berriaren sorrera ekitaldia izango da eta eguna bukatzeko kontzertuak iragarri dituzte: 2ZIO, Berri Txarrak, DJ Pone eta talde sorpresa bat izango dira.