@iontelleria

‘Nire argazkia 2.0’: euskara eta memoria etxeko sukaldetik

Datorren astelehenetik aurrera ‘JOK Films’-ek ekoitzi duen ‘Nire argazkia 2.0’ webseria eskainiko du NAIZek. Euskarari eta memoriari buruzko webseriea da, euskararen bitartez atxikitzen den memoriaren gaineko ikus-entzunezkoa. Argazki baten inguruan jarri dituzte egileek bi familia berriketan, euskalkien itzuli bat proposatuz.

Iazko udazkenean aurkeztu zuten Jokin Etcheverria eta Benjamin Duinat lapurtarrek ‘Nire argazkia’ dokumentala, ekimen haren bigarren jauziarekin datozkigu orain, webserie moduan. NAIZek eskainiko du datorren astelehenetik aurrera ‘Nire argazkia 2.0’.

Arraiotz eta Aramaioko familia banako kideak jarri dituzte oraingoan argazki zaharren inguruan hizketan. «Euskalkiak ikertzeko asmoz familia batzuen intimitatean sartu gara», dio Etcheverriak. Izan ere, euskalkien inguruko itzuli modukoa da bi lapurtarrek dakarten proposamena. Benjamin Duinatek dio pozik izango zela «jendeak egunerokotasunean euskararekin duen harremanaz gogoetatzea» lortzen badute.

«Memoria, hizkuntza eta irudien arteko elkarrekintza» ditu oinarri proiektuak. Horretarako Aramaioko Etxaguen auzoko Ipurtotz baserriko Herrarte familiarekin eta Arraiotzeko Etxandi familiarekin izan dira. Sail ezberdinetan bakoitzaren garai bateko argazkia aitzakia hartuta euren euskalkia eta oroitzapenak erakutsiko dizkigute lan berri honetan.

Adituen hitza ere jaso nahi izan dute Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz garatu duten bigarren saio honetan, horretarako Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruarekin izan dira. Bere bidez bi familien euskalkiak aztertu dituzte.

Astelehenetik aurrera NAIZen

Guztira hamar ataleko seriea da ‘Nire argazkia 2.0’. Datorren astelehenean estreinatuko du NAIZek eta egunero senide batekin izandako elkarrizketaren atal berria ikusi ahalko da. Ikustaldiaz gain, ordea, egileek ’2.0’ izaera hori indartu nahi dute; eta ahal dela, euskalkien itzuli horretara ale berriak batu. Horregatik, serie eskaintzen ari den neurrian ekarpenak jasotzeko baliabideak izango dira.

Dokumentala salgai Durangon

Seriea ikusi aurretik antzeko ideiaren inguruan iaz osatu zuten ‘Nire argazkia’ dokumentala erosteko aukera ere badago. Sarean, Elkar-en liburu dendetan eta Durangoko Azokan Banizu Nizuke-ren erakustokian. Abenduaren 21ean Hazparneko Zinegin festibalean ere eskainiko dute dokumentala.