@GARA_rpascual
BILBO

Otsailak 1.784 langabe gehiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 229.118 langabe zeuden otsailaren amaieran enplegu bulegoetan izena emanda, urtarrilean baino 1.784 gehiago. Nafarroan soilik jaitsi da langabe kopurua otsailean, baina oso modu xumean (%0,15).

Pertsona bat, Lanbideren bulego batean sartzen, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Pertsona bat, Lanbideren bulego batean sartzen, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Gobernu espainolak emandako datuen arabera, otsailaren bukaeran urtarrilean baino 1.784 pertsona gehiago zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda. Orotara, 229.118 daude lanik gabe lau herrialdeotan.

Nafarroan baino ez da jaitsi langabe tasa otsailean (53.082 langabe dago egun), nahiz eta zifra oso txikia izan. Izan ere, 81 lagun gutxiago daude izena emanda enplegu bulegoetan, aurreko hilabetean erregistratutakoa baino %0,15 gutxiago. Iaztik, 3.442 langabe gutxiago dago Nafarroan (%,6.09).

EAEri dagokionean, 176.036 lagun zeuden otsailaren bukaeran enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 1.865 gehiago (%1,07). Iaztik, 1.970 langabe gutxiago dago (%1,11).

Urtarrileko datuekin alderatuta, Bizkaiak izan du igoerarik handiena, 1.222 lagun gehiago zeudelako lanik gabe (%1,25 gehiago). Otsailaren bukaeran 98.844 langabe zeuden herrialde honetan.

Araban, 307 langabe gehiago utzi du otsailak (%1,11), eta 28.040 pertsona ari ziren lan bila otsaila bukatzerako.

Gipuzkoak izan du hazkunderik apalena, %0,69 egin baitu gora langabe tasak (336 pertsona), urtarrileko datuekin alderatuta. 49.152 gipuzkoar daude izena emanda enplegu bulegoetan.

Estatu mailan, oso jaitsiera xumea izan du langabezia erregistratuak (1.949 pertsona, %0,04), eta 4.812.486 langabe zeuden guztira otsailaren bukaeran.