Naiz.info
Baiona

Preso eta iheslarien giza eskubideen alde manifestazioa deitu dute 24 eragilek Baionan

Ipar Euskal Herriko 24 eragilek ekainaren 14rako ‘Giza eskubideak, konponbidea, bakea’ manifestazioa deitu dute Baionan. Euskal preso eta iheslarien giza eskubideen errespetatzea eskatu diete Estatu frantses eta espainiarrari.

Ipar Euskal Herriko eragileek prentsaurrekoan aurkeztu dute manifestazioa. (Sylvain SENCRISTO/ARGAZKI PRESS)
Ipar Euskal Herriko eragileek prentsaurrekoan aurkeztu dute manifestazioa. (Sylvain SENCRISTO/ARGAZKI PRESS)

«Bakearen aldeko konpobidearen prozesua orain dela hiru urte hasi» zela oroituz, Estatu espainiarrari zein frantsesari prozesu horretan engaiatzea eskatu diete Ipar Euskal Herriko 24 eragilek gaur egindako agerraldi bateratuan. Euskal preso eta ihelsarien kolektiboek, Euskal Herriko gizarte eragileek, zein nazioarteko sustengatzaileek egindako ekarpenak azpimarratuz, Foro sozialaren ondotik ateratako 12 gomendioak ere ekarri dituzte gogora. Hala, preso eta iheslarien eskubideen errespetatzea «bakearen eraikuntzarako elementu nagusi» bat dela ohartarazi dute 24 eragileek.

Ildo horretan, ekainaren 14an ‘Giza eskubideak, konponbidea, bakea’ lelopean manifestazioa deitu dute Baionan.

Giza Eskubideen Ligak, Cimadek, Herrirak, Bake Bideak, Etxeratek, Anai Arteak, Euskal Herriko Giza Eskubideen defentsarako batzordeak, Presondegien Nazioarteko Behatokiak, Harrerak, Herriarekin elkarteak, LAB sindikatak, Union Syndical Solidairek, CGT territoriaux Biarritzek, ELBk, CFDT santé sociaux Pays Basquek, Aitzina, EHZl, EH Baik, Abertzaleen Batasunak, Euskal Herriko NPAk, Sortuk, Autonomia Eraikik, EELVek, eta Eusko Alkartasunak egindako deialdi komun batean, hiru puntutan sakondu dute.

Lehenik, Euskal Herriaren gehiengoak konponbidea nahi duela gogorarazi dute, Baionan iaz edo Bilbon urte hasieran euskal preso eta iheslarien aldeko manifestazioak 130.000 pertsona bildu zituela azpimarratuz.

Ondotik, Estatu frantses eta espainiarrek Euskal Herritik zein nazioartetik konponbidearen alde etortzen diren seinaleak ez ditutztela «baikorki ihardesten» salatu dute, errepresioarekin erantzuten dutela nabarmenduz, Jokin Aranalderen edo abokatuen kontrako atxiloketak adibide emanez.

Azkenik, nazioartearengandik sustenguak badituztela azaldu dute eragile sozial eta politikoek, eta zentzu horretan 197/2006 doktrinaren kontra Estrasburgok igorritako ebazpena, Mexikon Ameriketako lehendakari ohiek 2013ko urrian bakearen alde egindako topaketa, edo Bruselak Jaione Jauregi Espinaren euroagindua atzera bota izana jarri dituzte adibide.

Eskaerak

Preso eta iheslarien aurkako legeri bereziaren bukaera eskatuz, oinarrizko eskubideen errespetatzea aldarrikatuz eta senideek bizi duren «injustizia egoera» salatuz, kolektibo horien aldeko eskaerak argiki azaldu dituzte gizarte eragileek.

Presoei dagokienez, larriki eri direnen askatzea, eta bereziki Ibon Fernandezen kaleratzea eskatu dute, Estatu frantsesak ‘Kouchner’ legea errespeta dezan galdeginez.

Ondoren, sakabenaketaren amaiera eta presoen hurbilketa eta bateratzea exijitu dituzte, baita ere baldintzapeko askatasuna erdiestea baldintzak betetzen dituzten presoentzat.

Ihelsariei dagokienez, euroaginduekin bukatzea aldarrikatu dute, eta 1980ko hamarkadan Estatu frantsesak erbestera kanporatu zituen iheslarien itzultzea eskatu dute, Kuba, Cabo Verde edo Venezuelan direnei erreferentzia eginez.