NAIZ
IRUÑEA

Presoen aldeko Bilboko manifestazioari sostengua adierazi diote Iruñeko peñek

Jendarte guztiak bezala peñek ere sakabanaketaren ondorioak pairatzen dituztela nabarmendu ondoren, hilaren 13an presoen alde Bilbon egingo den manifestazioari sostengua adierazi diote Iruñeko peñek.

Presoen aldeko aldarria Iruñeko Zezen Plazan iazko Peñen Egunean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Presoen aldeko aldarria Iruñeko Zezen Plazan iazko Peñen Egunean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Egun dauden 300 presoetatik 45 nafarrak direla nabarmentzen dute Iruñeko peñek. Hauen artean peñetako bazkide ugari daudela gaineratu dute. «Haien artean daude La Unica-ko bazkide Juan Mari Etxabarri eta Aurken Sola, Jaranako Iñaki Armendariz eta Alberto Ilundain, Muthiko Alaiak-eko Josetxo Arizkuren, Armonia Txantreanako Txuma Altable eta Mikel Gil eta Anaitasunako bazkide Xabi Rey», gogoratu dute.

«Urruntzeak senide eta lagunak urtero bataz beste 63.599 kilometro egitera behartzen gaitu, urteko 19.653 eurotako bataz besteko gastuarekin. Zigor honek hainbat umeri eragiten die, haien artean Alegría de Iruñako bost urteko haur bati, 1.600 kilometro egin behar izaten dituena bere aita ikusi ahal izateko. Era berean, zigor honek guraso zaharrei ere eragiten die, haietako batzuek urteak daramatzatelarik euren seme edota alaba ikusi gabe, adinak ez dielako ahalbidetzen halako bidai luzeak egitea. Dispertsio politika martxan jarri zutenetik, bidai luzeek 300 istripu baino gehiago eragin dituzte, 16 hildako eta hamarna zauritu eragin dituztelarik», salatu dute, nazioarteko eragile ugarik sakabanaketaren kontra agertu direla gaineratuz.

«Jendarte zibilaren parte den heinean, peñek ere pauso bat eman behar dugu giza eskubideen errespetuan oinarritutako jendarte baten eraikuntzan. Horregatik uste dugu dispertsioarekin bukatzea premiazkoa eta ezinbestekoa dela. Orain arte bidegabea den egoera honekiko kritika gure pankartetan islatu dugu, besteak beste euskal presoak euskal herriratzea eskatzen duen mapa eta geziekin», adierazi dute.

«Ezin dugu haien eskubideen urraketa onartu. Dispertsioarekin amaitzea lortu behar dugu. Zeregin kolektibo bat da. Horregatik, gure oinarri sozialari eta Iruñeko hiritar guztiei datorren urtarrilaren 13an Bilbon burutuko den manifestazioan parte hartzera dei egiten diegu. Denon artean lortu dezakegu. Merezi du», aldarrikatu dute.

Bullicio Pamplones, Alegría de Iruña, Muthiko Alaiak, Armonia Txantreana, La Unica, La Jarana, Sanduzelai, San Fermín, Rotxapea, Aldapa eta Irrintzi dira sakabanaketaren kontra eta Bilboko manifestaziora joateko deialdeia adostu duten peñek.