NAIZ
DONOSTIA

143 danborrada aterako dira aurten San Sebastian egunean, iaz baino hiru gehiago

San Sebastian egunerako motorrak berotzen ari da Donostia. Aurtengoan 143 izango dira parte hartuko duten danborradak (iaz baino hiru gehiago) eta, aurrenekoz, auzoetako danborradek ere Konstituzio plazako bandera-jaitsiera ekitaldian hartuko dute parte.

Guztira, 17.822 pertsona aterako dira helduen danborradan, elkarteek emandako datuen arabera. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Guztira, 17.822 pertsona aterako dira helduen danborradan, elkarteek emandako datuen arabera. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

San Sebastian egunerako atzera kontua hasia dela, helduen danborradaren aurkezpena egin dute gaur Donostiako Udaletxeko Gobernu Batzordearen aretoan.

Iaz 140 danborrada atera baziren, aurten hiru gehiago izango dira kalean: AMPA La Salle Loila, Asociación Amigos de Angulas Aguinaga eta Claret/MB Gizarte Kultur Elkartea. Hala, guztira 4.589 pertsona arituko dira danborra jotzen eta 11.500 izango dira barrilekin edota edarrekin arituko direnak (hauetatik 2.489 urketariak izango dira).

143 horietatik, bat emakumez osatuta egongo da soilik, 9tan gizonezkoak egongo dira bakarrik eta gainerako 133ak mistoak izango dira.

Aurkezpenean azaldu dutenez, bi puntu egin du gora aurten emakumeen parte hartzeak.

Parte-hartzaile kopuru handiena Anastasioko danborradak dauka, 382 partaiderekin eta, aldiz, Leosiñeta Elkarteko 59 kideek osatzen dute danborrada txikiena.

Bandera-jaitsiera

Aurtengo berritasun gisa, iragarri dute auzoetako danborradek festari amaiera ematen dion bandera-jaitsiera ekitaldian parte hartuko dutela.

1957. urteaz geroztik Union Artesana elkarteak bakarrik hartu izan du parte ekitaldi honetan eta, 2018. honetatik aurrera, une berezi hori partekatzeko izena eman duen danborrada bakoitzeko ordezkari batekin joko du. Aurten, 45 pertsona izango dira ekitaldi honetan parte hartuko dutenak.

Larunbatean, 23.30ean,Union Artesanako danbor nagusiak Sarriegi plazan harrera egingo die gainerako danborradetako ordezkariei eta Konstituzio plazako agertokirako bidearen azken zatia Union Artesanako danborradarekin batera egitera gonbidatuko ditu, ekitaldi sinboliko baten bitartez.

Hala, guztiak batera iritsiko dira plazara festari agur esatera.