NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren inguruko eztabaida publikoa eskatzeko 8.000 sinadura bildu nahi dituzte

Zubietako erraustegiaren eraginen inguruko adituen eztabaida publikoa eskatzeko hasi zuten sinadura bilketari amaiera emango diote maiatzaren 17an. Dagoeneko 6.300 baino gehiago bildu dituzte eta, ordurako, 8.000 sinaduren langa gainditu nahi dute.

Erraustegiaren aurkako protesta bat, iazko maiatzean, azpiegitura eraikitzen ari diren lursailean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Erraustegiaren aurkako protesta bat, iazko maiatzean, azpiegitura eraikitzen ari diren lursailean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Erraustegiaren inguruko eztabaida tekniko eta publiko baten alde hasitako kanpainaren amaiera iristen ari dela jakinarazi du errausketaren aurkako mugimenduak.

Hain zuzen, maiatzaren 17an, birziklapenaren nazioarteko egunean, bukatuko dute kanpaina hori, arratsaldeko 18.00etan EiTBren Miramongo estudioen atarian elkarretaratzea eginez. Bildutako sinadurak entregatu eta aipatu azpiegituraren inguruko eztabaida eskatzeko baliatuko dute kontzentrazio hori.

Dagoeneko 6.389 sinadura bildu dituzte «Change.org» plataformaren bitartez eta, adierazi dutenez, 8.000ra iristea dute helburu.

Errausketaren aurkako mugimenduaren arabera, «azkenaldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteek kezka areagotu besterik ez dute egin gizartean eta ezinbesteko bihurtu da eztabaida teknikoa modu publikoan burutzea, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz».

Erraustegiaren alde eta aurka dauden adituen arteko eztabaida publikoa telebistan egitea da eskatzen dutena, bi jarrerak kontrastatzeko, «politikari bultzatzaileek proiektu garesti eta herritarren kezka handiaren aurrean erakutsi duten egoera kudeatzeko borondate eza» erakutsi dutelako.