Asier ROBLES | UDATE

34 urtez Euskal Herrian erreferente den gazte eguna antolatzen Larrabetzun

Hori Bai gaztetxearen 20. urteurrena ospatzeko antolatu zuten lehengoz, eta bihar Larrabetzuko Gazte Egunak 34 beteko ditu. Ia urte osoa daramate Hori Bai-koek Euskal Herrian erreferente den eguna prestatzen eta herri bazkari, eskalada txapelketa eta beste hainbat ekitaldiz gain, Arkada Social, Glaukoma eta Koban taldeak izango dira aurten.

2016ko Larrabetzuko gazte eguna (Marisol RAMIREZ/FOKU)
2016ko Larrabetzuko gazte eguna (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lehenengo Gazte Eguna 1985. urtean ospatu zuten, Hori Bai gaztetxearen 20. urteurrenean. Euskal Herrian rockaren mugimendua bizi-bizian zegoen, eta testuinguru horretan musikaren eta gazteen borroken topaleku izango zen eguna antolatzeko bildu ziren Larrabetzuko gazteak.

Urte hauetan zehar Euskal Herriko musika talde ezagunetarikoak egon dira eguna girotzen oholtzaren gainean: Kortatu, Zarama, Berri Txarrak, Su Ta Gar, Skalariak, Zea Mays, Itziarren Semeak, KOP, Iheskide, eta abar.

Eguneko egitarauan inoiz ez da falta izan herri bazkaria, eskalada, trikitilariak eta elektrotxaranga. Ginkanak, bertso saioak, antzerkiak edo kalejirak ere girotu dituzte eguna hainbat urtetan. Azkenaldian DJak klasiko bihurtu dira gaueko festa giroa luzatzeko Larrabetzuko gaztetxean.

Hori Bai gaztetxea

1965ean, frankismo garaian, jaio zen Hori Bai gaztetxea. Herriko gazteak beren proiektuak aurrera eramateko grinak batu zituenean. Lokal bat bilatzen hasi ziren, eta Zipriano abadeak eliza ondoan zegoen eraikina erabiltzeko baimena eman zien.

Autogestioa izan zuten ardatz hasieratik, baita euskara bultzatzea ere. Elkarte moduan hasi ziren, eta antzerki taldea, futbol taldea eta abesbatza sortu zuten, besteak beste. Talde antifrankisten hitzaldiak ere antolatzen zituzten Hori Bai-n.

Baina dena ez zen loriatsua izan, 1981ean, eraikinaren egoera kaxkarra zela eta, lokala utzi behar izan zuten bost urtez. Halere, lokalik gabe, jarduerak antolatzen jarraitu zuten, besteak beste, lehenengo Gazte Eguna 1985ean, Hori Bai-ren 20. urteurrena ospatzeko. 1986an eraikina berreskuratu zuten, eta gaztetxe bilakatu zuten Hori Bai, garaiko Euskal Herriko gaztetxe mugimenduarekin bat eginez.

2004an elizaren konponketen ondorioz, gaztetxeko fatxada eta teilatua okertu egin ziren, eta beste etenaldi bat egin behar izan zuten konponketak egiteko. Auzolanari esker, gaztetxea aurrera atera zuten. Gainera, EAJ zegoen udal gobernuan, eta egoera gehiago zaildu zuen.

Gaur egun, zailtasunak zailtasun, zutik jarraitzen du Hori Bai gaztetxeak, urtean zehar mota askotako jardunak antolatzen, eta urtez urte Gazte Eguna ospatzen.

Ia urte osoa daramate aurtengo Gazte Eguna prestatzen. Egunean zeharreko plangintza osatzeko eta batez ere, kontzertuak lehenbailehen lotzeko.

Helburuen artean, «herriko gazte desberdinengana hurbiltzea, Euskal Herriko gazte desberdinen topaleku izatea, gazteek musikarekiko duten lotura sustatzea eta sistemaren zapalkuntzen aurrean autogestioaren apustua aldarrikatzea», aipatzen dituzte, besteak beste, antolakuntzako kideek.

Udalak eguna ongi antolatzeko behar den azpiegitura lortzen laguntzen die Hori Bai-ko kideei. Gazteluk, Larrabetzuko alkateak, Gazte Eguneko lehenengo edizioetan parte hartu zuenak, herriarentzat egun honek duen garrantzia aldarrikatu du, eta herriko gazteez «harro» dagoela adierazi du.

Bestalde, herriko zenbait taberna eta norbanakoren laguntza handia jasotzen dutela esan dute Hori Bai gaztetxeko kideek. Eta «herriko jendearen elkartasuna eta babesari esker» erasoei aurre egin diete beti, Gazte Eguna antolatu ahal izateko.

Urtero, goizeko egitarauan eta bazkarian 200 pertsona inguruk hartzen dute parte. Arratsaldean gaztetxeko ingurua betetzen hasten da, eta bereziki gauean joaten da jende gehiena jai giroaz gozatzera. Honen aurrean, «egunean zeharreko jaiaren aldeko aldarria» egiten dute Larrabetzuko gazteek.

Aurtengo egitaraua

Aurten 12.00etan hasiko da egitaraua, ginkana eta eskalada txapelketarekin. Gero, musikarekin berotzen joateko triki-poteoa egongo da, 14.30eko bazkari herrikoia baino lehen. Bazkaldu ondoren Zarzaparrilla musika taldeak jarriko dio erritmoa arratsaldeari, eta 20.00etan, Ttek elektrotxarangak hartuko dio erreleboa eguna iluntzen doan bitartean Larrabetzuko kaleak girotzeko tabernaz taberna. 22.00etan manifestazioa eta ekitaldia egongo da.

Gauean estilo desberdinetako hiru musika talde igoko dira oholtzara 23.30etik aurrera: Arkada Social, Glaukoma eta Koban. Ondoren, Little Martin Selektah, DJ Kaiku eta Elepunto DJ-ak egongo dira musika jar Asier ROBLES tzen gau osoan.