NAIZ
DONOSTIA

Espainiako Gobernuak Aita Mariri ezarritako «blokeoa» mantentzen dela salatu dute

Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEren kideek gaur azaldu dutenez, lortu dute jada Malta eta Italiako agintarien baimena Mediterraneoan erreskatatuko dituzten etorkin eta errefuxiatuak bertako portuetan lehorreratzeko, baina mantentzen da Aita Mariri ezarritako «blokeoa».

Aita Mari, Pasaiako kaian lotuta oraindik. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Aita Mari, Pasaiako kaian lotuta oraindik. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Espainiako Gobernuak Aita Mari itsasontziari ezarritako «blokeoa» mantentzen dela salatu du gaur Itsas Salbamendu Humanitarioak. Elkarte honen ordezkariek nabarmendu dutenez, Mediterraneoan erreskatatzen dituzten etorkin eta errefuxiatuak bertako portuetan lehorreratzeko atea ari da irekitzen eta baimen horiek jada Espainiako Itsas Agintaritzan aurkeztu dituzte, baina Madrilek ez du Aita Mari itsasoratzeko baimenik ematen.

«Mediterraneoan asistentzia humanitarioa saihesteko Espainiako Gobernuak neurriak hartu dituela salatu genuen uztailean, eta, zoritzarrez, gaur egun Itsas Salbamendu Humanitarioak neurri hauen biktima da», gaineratu dute, «elkartasuna itotzeko» Gobiernu espainolak bere indar guztiak erabili dituela salatuz.

Zentzu honetan, pasa den ostiralean Merkataritza-itsaketako zuzendariak haien asmoei buruzko informazio gehiago eskatu ziela adierazi dute, erreskateak egiteko Sicilian dagoen Licatara joateko eskariak «beste asmo bat zuela ulertaraziz».

Izan ere, zazpi egun behar izan ditu Madrilgo Gobernuak informazio eskera egiteko, «eta ostiralean egin du, Aita Mariri ahalik egun gehien galarazteko asmoz».  Gogoratu dutenez, urte honetan Merkataritza-itsaketako Zuzendaritzak oztopoak jarri dizkio Aita Mariri, Mediterraneora joateko baimenak atzeratuz, «erregelamenduan agertzen ez diren eskakizun berriekin».

Aita Mari itsasontziak nabigatzeko ziurtagiri guztiak dituela ohartarazi dute Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteko kideek, Donostian eginiko agerraldi honetan.