NAIZ

SOS Ostalaritzak manifestazioak deitu ditu hiriburuetan sektoreari ezarritako murrizketen aurka

SOS Ostalaritza kolektiboak manifestazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan azaroaren 7an, sektoreari ezarritako murrizketen aurka protesta egiteko. Ostalaritzako langileek laguntza ekonomikoak eskatu dizkiote Lakuako Gobernuari, Katalunian aplikatzen direnak bezalakoak.

Kafetegi bateko terraza hutsa Bergaran. (Gorka RUBIO/FOKU)
Kafetegi bateko terraza hutsa Bergaran. (Gorka RUBIO/FOKU)

SOS Ostalaritza ostalarien kolektiboak manifestazioak iragarri ditu datorren azaroaren 7an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako udaletxeen aurrean, ostalaritzari, turismoari eta aisialdiari, «desagertzear dauden sektoreak», egiten zaizkien murrizketengatik protesta egiteko.

«Taberna, jatetxe eta ostalaritzako sektoreko langileok mobilizazio hau antolatu dugu, oso arduraturik gaudelako. Azken hilabeteetan hartu diren osasun neurriak direla eta, gure sektorea bortizki kolpatua izaten ari da», adierazi dute ohar batean. Hala ere, diotenez, «gure lurraldeetako osasun egoera oso larria dela eta honen aurrean neurriak hartu behar direla» badakite, baina ez dute ulertzen «ostalaritza sektorean ipinitako neurriak zergatik diren hain zorrotzak beste sektore batzuekin alderatuta».

Foqus kontsultorak maiatzaren 11 eta urriaren 16aren artean egindako txosten baten arabera, «tabernak eta jatetxeak seguruak dira, kasuen 2,3% bakarrik suposatzen baitute». Hala aldarrikatu du SOS Ostalaritzak, eta gogoratu du, halaber, «ostalaritzako lokaletako gaueko aisiak, esaterako, hilabeteak daramatza geldirik eta desagerturik, eta hau horrela izanik birusa zabaltzen ari da eta kutsatuak egunez egun gehiago dira».

Sektorearen eskakizunak

Hori dela eta, ostalaritzako langileek Lakuako Gobernuari eskatzen diote murrizketek «sektoreari laguntzeko eta bultzada emateko neurriekin batera etorri behar dutela, bigarren olatu hau ostalaritzarentzat behin betiko heriotza izan ez dadin».

SOS Ostalaritzak gogoan du, halaber, «alokairuak eta hipotekak zama handia direla» eta, beraz, lege-dekretu bat eskatzen dute, Kataluniako Generalitateak aplkatutakoak bezala. Gainera, presio fiskala jaistea, «aldi baterako lan-erregulazioko egoeran dauden langileei (ABEE) unean-unean ordaintzea eta onartzeko izapideak arintzea eta erraztea» eta «BEZaren aldi baterako murrizketa»  eskatu dituzte.