NAIZ.INFO
Donostia

Ukrainak 2-1 irabazi dio Suediari

Frantziak eta Ingalaterrak bana berdindu dute Eurokopako gaurko lehen partidan. Ukrainak, berriz, 2-1 irabazi dio Suediari.

Shevchenko, garaipena ospatzen. (Jonathan NACKSTRAND/AFP)
Shevchenko, garaipena ospatzen. (Jonathan NACKSTRAND/AFP)

Frantzia eta Ingalaterra dira final laurdenetara sailkatzeko multzoko faborito eta partida gogorra izatea espero bazen ere, azkenean banakako berdinketarekin bukatu dute norgehiagoka. Ingalaterrako jokalariek defentsa gogorra egin dute, eta puntu bat ateratzea lortu dute, nahiz eta ia partida guztia frantsesek dominatu duten eta gol aukera gehiago izan dituzten.

Lehen gola Lescott-ek egin du Ingalaterrarentzat, lehen zatiaren 29. minutuan. Berdinketa 38. minutuan iritsi da, Nasriren eskutik.

Ukraina 2 - Suedia 1

Eurokopako bigarren partidan, Ukraina 2-1 gailendu zaio Suediari. Suediarrak aurreratu dira markagailuan, 52. minutuan, Ibrahimovic-en gol batekin. Hiru minutu beranduago, ordea, Shevchenkok, etxekoen izarrak, berdinketa egin du buruz eta 62. minutuan Ukrainari garaipena eman dion gola egin du, hori ere buruz.