NAIZ.INFO
IRUÑEA

Datozen urteei begirako lan ildoak zehaztuko ditu LABek Barañainen, VIII. Biltzar Nagusian

Ostegun eta ostiral honetan LAB sindikatuak VIII. Biltzar Nagusia egingo du Barañainen, datozen urteei begira sindikatuaren lan ildo nagusiak finkatzeko xedearekin.

LAB sindikatuko ordezkari Ainhoa Etxaide eta Igor Arroyo, gaur Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
LAB sindikatuko ordezkari Ainhoa Etxaide eta Igor Arroyo, gaur Iruñean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Ekainaren 21 eta 22an Barañainen egingo den Biltzar Nagusiaren inguruko xehetasunak emateko, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta sindikatuak Nafarroan duen bozeramale Igor Arroyok agerraldia egin zuten Iruñean pasa den astelehenean.

Arroyok adierazi zuenaren arabera, batzar hori Nafarroan egitea ez da kasualitatea, «erabaki kontziente eta politikoa baizik, sindikatuarentzar garrantzia estrategikoa duena». Izan ere, «uneotan bi dira Nafarroa erdigune politikoan kokatzen duten arrazoiak: murrizketen ezarpena eta haien aurkako borroka batetik, eta Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenaren harira piztu den eztabaida politikoa».

Etxaide eta Arroyoren esanetan, LABek, «Euskal Herri osorako estrategiaren baitan –Euskal Herri osoan zabalduta, izaera nazionala duen sindikatu bakarra da LAB–, badu ere Nafarroarako ere alternatiba independentista bat».

Biltzar Nagusiaren inguruan esan zutenez, eztabaida prozesuan 2.500 kide baino gehiagok hartu dute parte, ekarpen ugari eginez: 230 emendakin egin dira guztira, 140 ponentzia politiko-sindikalari eta 90 antolakuntza ponentziari.

Prozesu horretatik ateratako ondoriorik nabarmenenak bi izan dira, Arroyo eta Etxaideren hitzetan: barne kohesio handia eta, ondorioz, egindako ekarpenak sindikatuaren lerroak indartzera bideratuak egon izana.

Parte hartuko duten 500 biltzarkideek zuzendaritza berria ere hautatu beharko dute.

Duela lau urte hartutako konpromisoari jarraipena emanez, «anbizio osoz eta bide berri bat egiteko prestutasunez», idazkari nagusi karguari beste lau, edo hala erabakiko balitz, bost urtetan eusteko prest agertu da Etxaide, eta aldaketaren bat edo beste salbuetsita, berarekin sindikatua zuzendu duen lantaldea ere bai.