Nerea GOTI
BILBO
Interview
Laura Mintegi
Candidata de EH Bildu a Lehendakaritza

«Oso koiuntura berezian gaude, eta nork bere lekutik ahal duena eman behar du»

Laura Mintegi (Lizarra, 1955). Historian lizentziaduna eta Psikologian doktorea, EHUko irakaslea, idazlea eta historiagilea ere bada, eta umetatik bizi da Bizkaian. Atzotik, EH Bilduko lehendakarigaia da. Begirada samur eta ahots goxokoa, sendo azaltzen du EH Bildu «garai berriak behar duen lidergoari eusteko prest» dagoela.

Erantzukizuna ilusioz eta arduraz hartu duela dio Mintegik. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Erantzukizuna ilusioz eta arduraz hartu duela dio Mintegik. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Zerk bultzatu zaitu erronka hau hartzera?

Oso koiuntura berezian gaude orain eta nork bere lekutik eman behar du emateko daukana. Niri egokitu zait funtzio honetatik ematea eta neure onena emango dut, baina edozeinek egingo lukeen moduan; hau da, uste dut talde lana dela garrantzitsuena, auzolana egin behar dugu eta nora goazen da inportanteena, zein den proiektua. Proiektu onek asko ilusionatzen nau eta nire ekarpena egiteko prest nago.

Zer da Laura Mintegik emateko duen onena?

Bizitza osoan egin izan dudana, entzun eta irtenbideak bilatzea, guztien iritziak kontuan hartuta. Uste dut ez dela produktiboa inoren kontra egitea, zeren azkenean ez zoaz aurrera. Aurrera egiteko adostasun zabala behar da, eta mundu guztiak bere proiektua ere badela sentitzea, partaide sentitzea. Jendea partaide sentitzen denean eta proiektua bere egiten duenean, orduan zailtasunak konpondu dira.

Ilusioa nabarmendu duzu hautagai gisa egin dituzun lehendabiziko hitzetan; zer ilusio transmititu nahi duzu?

Sinetsarazi nahi izan digute politika egiteko forma hau egin daitekeen bakarra dela, eta ez da egia. Bada sasoia gauzak egiteko beste modu bat badela esateko. Errespetuaren kultura eta elkarrizketaren kultura transmititu nahi dugu, hori da ilusioa, eta gainera, hori egin egiten ari da jada. Ez gabiltza hutsetik, aurretik bide bat ibili dugu. Hau koalizio bat da, lau indar politiko daude eta beste asko horren inguruan, pertsona asko. Ez dira bakarrik lau indar politiko horiek, baizik eta milaka eta milaka pertsonaren ilusioa dago eta horrek ilusioa transmititzen du.
Zerk transmititzen du ilusioa? Elkarren artean konpontzeko posibilitatea ikusteak.

Ezberdinen artean konponbide batera heltzea da bereziki ilusioa piztu dizuna?

Proiektua da batez ere ilusionatzen nauena. Herri hau maite dut. Herri honek min eman dit askotan, eta momentu batean ikusten duzu agian mina baino poza ematen has daitekeela, eta uste dut poza emango digula herri honek hurrengo garai berri hauetan.

Zer da apustu hau politika profesionalean aritua ez den pertsona batentzat?

Erantzukizuna, baina beste alde batetik, begirada berria. Klase politikoa ustelduta dagoela uste dut, eta aspaldidanik ari gara esaten politika serioegia dela politikarien eskuetan uzteko, eta nork bere erantzukizun atala edo dosia hartu behar duela. Hori da egiten ari garena, nork berea hartu. Lan kolektiboa izan behar du.

Nola ikusten duzu egoera, ze perspektiba daude?

Oso baikorra naiz, zeren gertaera historikoak gertatu izan dira azkenengo urte honetan. Batetik, borroka armatua gelditu da; bestetik, hurbilketa garrantzitsua, gatazkaren ondorio zuzena jaso dutenen artean, eta hitz egiten ari naiz Glencree esperientziaz, presoen artean ere mugimenduak izaten ari dira, indar politikoek lortu dute koalizio bat sortzea, kalean dagoen sentsazioa da biraketa bat eman behar zaiola oraingo politikari eta ekonomiari, batez ere politika ekonomikoari. Denak adierazten digu aldaketak datozela, eta gu prest gaude aldaketa hori lideratzeko.

Erantzukizunak ez zaitu estutzen?

Handiagoa da ilusioa nolabaiteko estutasuna baino, eta batez ere sentitzea, noski, ez naizela pertsona bakarra, hemen lantalde bat dago. Nik uste dut momentua dela, egiteko ahalmena dagoela, eta egiteko prest gaude.