NAIZ.INFO

Donostiako Udalak zezenketei atea ixteko urratsa egin du

Illunberen ustiaketarako hitzarmenik ez du sinatuko Donostiako Udalak zezenketen eremuko inolako enpresarekin. Juan Karlos Izagirre alkateak esan du aurtengoak eginda ez dagoela «inolako konpromisorik» inorekin eta ez dutela asmorik hitzarmen berririk egiteko. Udal gobernua zezenketen aurkako diskurtsoarekin erabat ados dagoela ere adierazi du.

Animalista taldeen protesta ostiralean, Donostiako Bilbo Plazan. Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS
Animalista taldeen protesta ostiralean, Donostiako Bilbo Plazan. Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS

Donostiako Aste Nagusiaren balorazio agerraldian baieztatu du Juan Karlos Izagirrek ez dutela hitzarmen berririk sinatuko zezenketen eremuko inolako enpresarekin Illunberen ustiaketarako. Gaur gaurkoz ez dutela halakorik aurreikusten esan du Donostiako alkateak eta bat egiten duela bere gobernuak zezenketen aurkako aldarrikapenarekin.

Zezenketak ez direla Aste Nagusiaren ardatz esan du Izagirrek, eta datuek ere hori erakusten dutela. Donostiako alkatearen esanetan, «ezin da Illunbe bezalako azpiegitura bat diru publikoz mantendu urtean zazpi zezenketa egiteko».

‘Nuevo Desarrollo de Anoeta’ enpresarekin zuen hitzarmena orain arte Udalak, hitzarmen hori amaitu da eta jada ez dagoela «inolako betebeharrik» adierazi du Izagirrek. Donostian zezenketa gehiago izango ez direnik ere ez du baieztatu alkateak, baina bai honakoa: «gaur edo bihar ez dugu inolako hitzarmenik sinatuko zezenketen eremuko inolako enpresarekin».

Illunbe aurrerantzean kirol ekimenentzat baliatuko dela esan du, eta agian ez dela bateragarria izango zezenketekin.

PP eta PSE zezenketen alde

Oposizioko taldeek ez dute begi onez hartu Izagirreren iragarpena, PSEtik Enrique Ramos zinegotziak zezenketak mantentzeko eskatu du, «gustoez harago, zezenzaleak badirelako hirian».

PPk ere zezenketen aldeko jarrera azaldu du. Ramon Gomez zinegotziak iragarri du mozioa aurkeztuko dutela Illunberen ustiaketarako baldintzak jasoko dituen plegu berria argitaratzeko. Donostiako zezen plaza «lehen mailakoa» dela esan du Gomezek eta ez dela faltako bera ustiatu nahi duen enpresarik.

EAJk ez du aldeko edo kontrako iritzirik agertu, zezenketek hirian duten garrantzia ekonomikoa neurtzeko eskatu du eta horren arabera hartzeko azken erabakia.