Etxebizitza eskubidea eta lan harremanetarako marko propioa, EH Bilduren neurri sozialen artean

Justizia sozialaren arloan EH Bilduk dituen asmoak aurkeztu ditu gaur Laura Mintegi lehendakarigaiak. Zerbitzu sozialak bi aldiz ordaintzeko neurriak baztertu asmo ditu, lan harremanetarako marko propioa garatzeko apustua egingo dute eta etxebizitza eskubidea arautuko duen lege berria landuko dute.

NAIZ.INFO|BILBO|20/09/2012 17:50
20120920_laura_mintegi
Laura Mintegi, gaurko agerraldian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

«Ekonomia pertsonen zerbitzura jarri nahi dugu, eta ez merkatuen zerbitzura». Justizia sozialaren eremuan egin asmo dituztenak proposatzeko abiapuntua jarri du esaldi horrekin Laura Mintegi EH Bildu koalizioko hautagaiak. Etxebizitza eskubidea arautuko duen lege berri bat, zerbitzu sozialen birordainketa bertan behera uztea eta lan harremanetarako marko propioa sortzeko apustua izango dira arlo honetako neurri nagusiak.

Atzo zerga sistema berrirako proposamena aurkeztu zuen koalizio independentistak eta proposamen hori justizia sozialaren bidean urratsak emateko tresna dela esan du gaur Mintegik. «Krisi honetara ekarri gaituzten politikak» alboratu behar direla esan du, «gizarte injustu bat dakartelako».

Helburu horiek betetze aldera, hiru eremutarako proposamen zehatzak aurkeztu ditu gaur EH Bilduk: lana, etxebizitza eta politika soziala.

Lan harremanetarako marko propioa

Lan harremanetarako marko propioa garatzeko apustua egingo du koalizio independentistak. Gainera, lan jardunaldiaren murriztea proposatuko dute enplegua banatzeko eta lanorduetako eta lanaz kanpoko bizitzak hobeto lotu daitezen. Soldaten orekatzea eskatu dute eta lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI gazteleraz) pobreziaren mugaz gaindi kokatzea, 1075 eurotan, proposatu dute. Gizarte Segurantzaren eskuduntza erabatekoa eta gizarte eragileen parte hartze erreala ere oinarrizko urratsak izango dira EH Bildurentzat.

Etxebizitza lege berria eta alokairu publikoa

Alokairu publikoa izango du ardatz EH Bilduren etxebizitza eskubidea arautuko duen lege berriak. Horretarako Etxebide alokairu sozialerako erakundea bilakatuko dute eta desjabetzeak eteteko etxebizitza horien jabetza entitate publikoetara pasatzea proposatuko du eta alokairu sozialaren bidez kudeatzea.

Gainera, herritarren beharrak aseko dituen etxe patrimonio publikoa sortu nahi du EH Bilduk, alokairu sozialean eskaintzeko. Zerga politikan zuzenketa proposatuko du koalizioak, etxebizitza erosteko babes fiskala kenduz eta alokairuan hartzea lehenetsiz.

Doako zerbitzu sozialak 2016rako

Zerbitzu sozialen birordainketa bertan behera uzteko proposamena ere aurkeztu dute independentistek. Lehen urratsa asistentzia eta dependentzia arreta doakoa bilakatzea izango da. 2016rako zerbitzu sozial guztietarako sarbidea bermatuko duen baliabide finantzieroak izateko konpromisoa ere hartu dute eta eztabaida publikoa proposatuko dute Herritarren Oinarrizko Errenta proposamena osatzeko xedez.

RELATED NEWS