NAIZ.INFO
Elgoibar

Adin txikiko baten bortxaketa ikertzen ari da Ertzaintza

Adin txikiko neska baten ustezko bortxaketa ikertzen ari da Ertzaintza. Elgoibarren gertatu zen erasoa, larunbat gauean.

Ustezko bortxaketa kasu bat ikertzen ari da Ertzaintza Elgoibarren. Hainbat komunikabidek Ertzaintzaren iturriak aipatuz zabaldu dutenez, larunbat gauean gertatu zen erasoa. Antza denez, 14-15 urteko neska bat adin txikiko beste mutil batekin zegoen eta, ordu batzuetara, lagunei hots egin zien mutilak bortxatu egin zuela salatzeko.

Neska osasun zentro batean artatu zuten atzo eta salaketa jarri zuen.

Elgoibarko Emakumeen Asanbladak elkarretaratzea deitu du gaur 20.00etan Kalegoien plazan.

Emakundek erasoa gaitzetsi du eta «emakumeen aurkako indarkeria emakume eta gizonezkoen arteko sexu desberdintasunaren sinbolorik bortitzena» dela esan du.