«Prekarietatea» salatzeagatik epaitu dituzten 21 lagunen absoluzioa eskatu du LABek

Iberdrola Dorrean burututako ekintza baketsu batean parte hartzeagatik gaur epaitzen ari diren LABeko 21 kideen absoluzioa eskatu du sindikatu abertzaleak. Konecta azpikontratan izandako kaleratzeak salatzea zuen helburu protestak.

NAIZ.INFO|BILBO|29/10/2012 09:40
20121029_lab
LABek elkarretaratzea egin du auzitegiaren atarian. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Iragan martxoaren 22an Konecta enpresaren kaleratzeak salatzeko dinamika baten baitan ekintza baketsu bat egin zuen LABek Iberdrola Dorrean. Protestaren helburua Iberdrolako ordezkariekin batzar bat egitea zen eta, itxaroten zuten bitartean, eserialdia egin zuten.

Ekintza haren ondorioz, 21 pertsona epaitzen ari dira Bilbon. Auzipetuei desordena publikoa eragitea egozten zaie eta isun ekonomikoa jaso dezakete; 10 eta 60 egun bitartekoa, egun bakoitzeko 10 eta 30 euro bitartekoa.

Elkarretaratzea

10.30etan bertan elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean ‘Iberdrola langileon kontura aberasten. ¡No a la criminalización de la protesta!’ lelopean. Epaitutako kideen absoluzioa exijitu du, ekntza hura «erabat baketsua» izan zelako. Horregatik, epai «justua» espero dutela esan du Igor Urrutikoetxea LABeko arduradunak. Lan gatazkak epaitegietan ez direla konpondu behar defendatu du, ezta «sindikatuen protestak kriminalizatzen» ere.

LABek prentsaurrean salatu zuenez, 21 lagunak epaitu dituzte «Iberdrolak eragindako prekarietatea salatzeko helburu bakarra zuen protesta baketsu batean parte hartzeagatik».

Sindikatuaren arabera, Konecta enpresan 340 langile izatetik 260 izatera pasatu dira azken urteotan. «Iberdrolak kriminalizatu nahi izan ditu bere joko zikina salatzen duten ekintzak, beren interesen aurka doan edozein protesta isilaraziz», arbuiatu zuen Xabier Ugartemendia zerbitzu pribatuetako sindikatuaren arduradunak.

LINKS