NAIZ.INFO
DONOSTIA

Joxe Azurmendik jaso du aurtengo Eusko Ikaskuntza saria

Joxe Azurmendik jaso du aurtengo Eusko Ikaskuntza saria Miramar jauregian egin den ekitaldian. Euskaltzalez bete da aretoa pentsalari eta idazle gipuzkoarraren sari jasotzea ikusteko.

Joxe Azurmendik Eusko Ikaskuntzako saria jaso duen unea. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Joxe Azurmendik Eusko Ikaskuntzako saria jaso duen unea. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) pentsalari eta idazle gipuzkoarrak jaso du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria, euskaltzalez goraino bete den Miramar jauregian eginiko ekitaldian.

Ekitaldi solemnea izan da sari banaketarena. Bertan izan da, besteak beste, unibertsitateko nahiz euskalgintzako jende ugari. Hitzaldian, bere garaiko irakasleak izan ditu gogoan, eta Jose Migel Barandiaran eta Txilardegiren aipamen zehatzak egin ditu, beste batzuen artean.

Perla ederrak utzi ditu Azurmendik bere mintzaldian. «Horregatik euskararen hautua ez da hizkuntza bat ala bestearen hautu soila. Jende baten eta herri baten hautua da», esan du, baita «herri bat barrutik puskatua gara. Gure identitatea puskatua dago” ere.

Joan Mari Torrealdai idazleak amaitu behar izan du Azurmendiren hitzaldia, ahotsik gabe geratu baita. 20.000 euro jasoko ditu sariaren truke.