NAIZ.INFO
BILBO

Lakuaren bitartekaritza zerbitzua bertan behera gelditu dela salatu du Stop Kaleratzeak elkarteak

Bizkaiko Stop Kaleratzeak elkarteak salatu duenez, Patxi Lopezen Gobernuak abian jarritako bitartekaritza zerbitzuak funtzionatzeari utzi zion astelehenean. Berriz martxan jartzeko eta hura eraginkorragoa egiteko eskatu diote Iñigo Urkulluri.

Santander banketxeak Donostiako Askatasunaren Hiribidean duen bulegoaren aurrean elkarretaratzea egin dute, erakunde horren jarrera salatzeko. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Santander banketxeak Donostiako Askatasunaren Hiribidean duen bulegoaren aurrean elkarretaratzea egin dute, erakunde horren jarrera salatzeko. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez kolektiboak azaldu duenaren arabera, Lakuako Gobernuaren bitartekeritza zerbitzua kaltetuei jakinarazten ari zaie ez duela kasu berririk onartzen.

Stop Kaleratzeak taldearen arabera, aipatu zerbitzua, PSEren Gobernuak martxan jarri zuen bezalaxe, «eraginik gabekoa» zen, konpondu duen kasu kopurua «anekdotikoa» delako.

Hori dela-eta, Iñigo Urkullu buru duen Gobernuari dei egin diote, bitartekaritza zerbitzua «berehala» berrabiatu dezan. Hala ere, krisiaren ondorioz ordainketak egiten ez direnean banketxeekin bitartekaritza lana egiteko zerbitzu hori eraldatzeko beharra nabarmendu dute, eraginkorragoa izan dadin.

Era berean, kaltetuekin batzartzeko galdegin diote Lakuako Exekutibo berriari.

Elkarretaratzea Santander banketxearen aurrean

Bestalde, Stop Kaleratzeak Gipuzkoa plataformak deituta elkarretaratzea egin dute Donostian, Santander banketxearen aurrean, erakunde horren jarrera salatzeko.

Banketxeak Lakuako Gobernuaren bitartekaritza zerbitzuarekin bat egin bazuen ere eta etxegabetzeak gelditzeko konpromisoa hartu bazuen ere, «auzitara jotzea eta kaleratzea ez den beste irtenbiderik ez du ematen».

Kontzentrazian izan dira etxegabetze prozedura batean dauden bi lagun, Errenteriako bizilagun bat eta Andoaingo emakume bat.