ION TELLERIA
DONOSTIA

‘EuskalAPPs’, euskarazko aplikazioak sortu eta aurkitzeko komunitatea abiarazi dute

Mugikorretan eta tabletetan erabiltzen diren euskarazko aplikazioak aurkitzea eta berriak sortzea xede duen ekimena sortu dute. ‘EuskalAPPs’ proiektuarekin euskarazko aplikazioen hedapena sustatuko duen komunitatea indartu nahi dute.

Euskalapps.net webgunearen azala. (NAIZ.INFO)
Euskalapps.net webgunearen azala. (NAIZ.INFO)

@euskalapps: «Online gaude! Laguntza asko behar dugu, proiektu hau ondo bideratzeko... prest al zaudete? http://www.euskalapps.net». Twitterren asteazkenean igorri zuten lehen mezua da hori eta euren buruaren aurkezpena honakoa: «euskal aplikazioak aurkitzeko eta sortzeko komunitatea». Proiektua ia sorpresaz azaldu da sarean, eurei buruzko informaziorik ere ez dute zabaldu oraindik, ‘Honi buruz’ klikatuta Lakuako Gobernuak diruz lagundu duela da ageri den informazio bakarra.

Android (30) eta Apple(18)-entzat euskaraz egindako 35 aplikazio inguru bildu dituzte, jada, webgunean mugikor eta tabletentzat eta berriak biltzeaz gain sortzea sustatu asmo dute.

Ekimen berriak aplikazioen biltegi bat baino gehiago izan asmo duela diote eta horren adibidea webgunera sartu eta berehala ikusi ahal da. Orrian euskal aplikazioen erabilera bultzatzeaz gain hauek sortzeko argibideak ere eskaintzen dituzte, erabiltzailea izan dadin aplikazioa sortzen duena. Norberak sortu edo aurkitu duen aplikazioa sustatu edo proposatzeko aukera ere eskaintzen dute eta baita beste hizkuntzetan jada existitzen diren aplikazioak euskaratzekoa ere.

Gustu guztietarako

Oraindik webgunean ez dituzte euskaraz sortu diren aplikazio denak, baina eskaintza zabala topa dezake erabiltzaileak. TxalapartAPP, BertsoAPP edo KulturmAPP proiektuak, Ordiziako azokaren salneurriak jasotzen dituena, Elhuyar hiztegia, uda garaia gerturatzen denerako iHondartza edo baita poteoan gabiltzanerako aplikazio propioa ere.