Naiz.info
Donostia

Korrikak «furgoneta birtuala» izango du eta sakelako telefonoetan ere egongo da

Akting enpresak Korrika sakelako telefonoetara eramango du aplikazio berezi baten bitartez eta zuzenean jarraitu ahal izango da. Hamaika TBk eta EITBk saio bereziak egingo dituzte. Ibilbidea ere osatu dute.

Korrikako ibilbidearen mapa. (NAIZ.INFO)
Korrikako ibilbidearen mapa. (NAIZ.INFO)

Furgoneta batek burutu ohi du Korrikako lasterketa. Errepideetan barna, gauean argi eta egunean iparrorratz izan ohi den ibilgailu aski ezaguna. Aurten, bada, errepidean ez ezik, sarean ere izango da Korrika, bere «furgoneta birtualarekin».

Furgoneta horren barruan, hainbat eskaintza. Batetik, Akting enpresak sakelako telefonoetarako egindako aplikazioa. Korrika Kulturalaren agenda, Korrika non dagoen jakiteko pantaila, errealitate aregotauaren jokoa eta aplikazioan bertan eskuragarri dagoen Korrika 18ren ibilbidea egongo dira eskuragarri, besteak beste.

Eta sakelakotik telebistara. Hamaika TBk eta ETBk Korrika egunetan euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren jarraipen berezia egingo dutela iragarri dute.

Bideoklip lehiaketa ere izango da aurten: Korrikaklip. Lehiaketaren ardatza Korrika 18ren mezua eta leloa, ‘Eman euskara elkarri’, hedatzea izango da ‘Bagoaz!’  Esne Beltzak osatutako kantu ofizialarekin batera. Beraz, parte hartzeko kantaren bertsioak, koreografiak, lip dubak, flashmobak, coverrak, dantzak, flashmobak, bestelako bideo laburrak... onartuko ditu Korrikak.

Ibilbidea ere zehaztu du antolakuntzak. Andoainen abiatuko da martxoaren 14an, ostegunez, arratsaldeko 16.30ean Euskal Herri osoa zeharkatuko duen bideari hasiera emanez. Iruñera hurrengo egunean iritsiko da, 17.08ean. Eta handik Donibane Garazi eta Maulera (martxoak 16, 12.17 eta 17.02ean, hurrenez-hurren). Gasteizera martxoaren 19an helduko da, arratsaldeko 18.45ean, ondoren Bilborantz joateko (martxoak 21, 17.37). Donostian martxoaren 23an izango da, 19.40ean, eta azken txanpa abiatuko du Baionarantz hurrengo egunean.