@Belastegi
DONOSTIA

Ehunka lagun elkartu dira Donostian, Kantu Jiraren urteurrena ospatzeko

Eguradia lagun, mila pertsona inguru atera dira Donostiako Alde Zaharrean barrena, Kantu Jiraren hamargarren urteurrena dela-eta, kaleak doinuz alaitzeko.

Ehunka lagunek parte hartu dute aurtengo Kantu Jiran. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Ehunka lagunek parte hartu dute aurtengo Kantu Jiran. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Eguraldia lagun zutela abiatu da Donostiako Kantu Jira Konstituzio Plazatik. Eztarriak sagardoarekin gozatu ostean ‘Topa dagigula’ abestu dute, hamargarren urteurrenaren festa handia hasteko. Bertatik kalez kale hasi dira Alde Zaharreko txoko guztiak jendez eta musikaz betez. Izan ere, guztira ia mila ahots elkartu dituzte Donostia Kantuz elkarteak antolatutako Kantu Jira berezian. Tartean, Nerea Txapartegi euskara eta kultura zinegotzia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea ere izan dira.

Donostiako Kantu Jira 2003an hasi ziren ospatzen ‘Egunkaria’-ren itxieragatik protestatzeko. Aurrerantzean 250 lagun baino gehiagoko taldea osatu izan dute hilabete guztietako hirugarren asteburuan kalera atera eta euskal kantak plazaratzeko. Erreibindikazio moduan hasi zena, egun ohitura bilakatu da, eta gero eta ekitaldi jendetsuagoa denez, ospakizunetarako aukera izan da gaurkoa.

Bi ordutan zehar kantatu ostean Anoetako estadiorantz abiatu dira eta bertan kantu-bazkaria egin dute. Arratsaldean ere kaletik aritu dira, goizean parte hartutako guztiak izan ez badira ere.