NAIZ.INFO
BILBO

Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ ingelesez argitaratu dute

Bernat Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ ingelesez argitaratu dute, Bizkaiko Diputazioaren eta Renoko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker.

‘Linguae Vasconum Primitiae’ren ingelesezko argitalpena. (BIZKAIA.NET)
‘Linguae Vasconum Primitiae’ren ingelesezko argitalpena. (BIZKAIA.NET)

Euskaraz argitaratu zen lehen liburua, ‘Linguae Vasconum Primitiae’, ingelesez argitaratu dute, Bizkaiko Diputazioaren eta Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko Lagunen Elkartearen arteko lankidetza akordioari esker.

Josune Ariztondo Kultura diputatuak eta Pello Salaburu Center for Basque Studies-eko Lagunen Elkarteko lehendakariak aurkeztu dute argitalpena. Salabururen prologoa eta Beñat Oyharçabalen hitzaurrea dauzka.

Lan hori 2005. urtean Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Renoko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren bidez argitaratzen hasi zen ‘Basque classics series’ bildumako beste ale bat da.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Reno-Nevadako Unibertsitatea lan garrantzitsua egiten ari da duela zenbait urtetik AEBetan ingelesaren eraginpeko eremuan euskal kultura ikertuz eta zabalduz. Zeregin hori Jon Bilbao eta William Douglass irakasleek hasi zuten eta, harrezkero, haien lana oso onartua izan da eta Center for Basque Studies «ezinbesteko erreferentzia bihurtu da ingelesezko irakaskuntza, informazio eta komunikazio esparruentzat».

Bernat Etxepareren liburua beste hainbat hizkuntzatara ere itzuliko dute, Gasteizko Legebiltzarraren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenaren baitan.