Naiz.info
Bilbo

Mobilizazioen indarra azpimarratu dute sindikatuek hiriburuetan egindako manifestazioetan

ELA eta LABek deituta, manifestazio ugari egin dira gaur Hego Euskal Herriko hiribruetan. Milaka lagunek egin dute bat deialdiekin, maiatzaren 30eko greba orokorrerako motorrak berotze aldera. «Mobilizazioa gure indarra» dela azpimarratu dute Mikel Noval eta Ainhoa Etxaidek.

Jendetza elkartu da Bilbon egindako manifestazioan. (ARGAZKI PRESS)
Jendetza elkartu da Bilbon egindako manifestazioan. (ARGAZKI PRESS)

Manifestazioak izan dira gaur, sindikatuek deituta, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Iruñean, esaterako, goizean egin da. Bilbon eta Donostian 17.30ean abiatu dira, eta Gasteizkoa, 19.00etan.

Eskubide Sozialen Kartaren alde eta maiatzaren 30eko greba orokorrari bai esanez egin dira mobilizazioak. Bilbon, mila lagun inguru bildu dira. Bertan izan da MIkel Noval, ELAko ordezkaria eta greba orokorrrean parte hartzeko deia izan da berak egindakoa.

Greban parte hartzeko zalantzak dituztenei galdera luzatu die: «Jasaten ari garen erasoe gogorrei aurre egiteko, zer da hobe, etxean ezer egin gabe geratzea edo mobilizazioetan parte hartzea?».

Novalek gogorarazi du «langileriak ditugun eskubide guztiak mobilizazioari esker lortu ditugula; gure indarra mobilizazioa da eta, parte hartzen ez badugu, argi dago orain arteko politika berberekin kolpatzen jarraituko dutela».

Politika horien ondorio dira «langabezia eta pobrezia gero eta altuagoak izatea, osasun sistemak, pentsioak eta hezkuntza publikoa desegitea, eta errentarik altuenen iruzur fiskala onartzea».

Hortaz, Navalen aburuz, greba orokorra «politka horiekin ados ez daudenei kalean beren desadostasuna agertzeko deia da».

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek, bere aldetik, gaurkoa maiatzaren 30eko greba orokorreko «gelaurrea» da. Gaurko mobilizazioek, bere aburuz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren abiaraztea ere eskatzen dute, Eibarren lehenengo biltzarra egin ondoren.

Karta soziala «agenda ultraneoliberalari aurre egiteko tresna izango da, patronalak eta espekulatzaileek osatutako agenda ultraneoliberala, zeinaren aurrean gobernuek hura aplikatu besterik ez duten egiten».

Agenda horren aurrean, «gure agenda propioarekin erantzutera» deitu du Etxaidek, «eztabaidarekin eta mobilizazioarekin, krisia eragin duen kapitalaren aurrean jartzen den herriarekin. Alternatiba badago», esan du.