Naiz.info
Arrasate

Erraustegiaren aurkako agerraldi masiboa egin dute Arrasaten

Arrasate Zero Zaborrek deituta, agerraldi masiboa egin dute ehunka herritarrek. Erraustegia ez dela beharrezkoa nabarmendu dute eta gaikako bilketa aldarrikatu.

Erraustegiaren aurkako agerraldi jendetsua egin dute Arrasaten. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Erraustegiaren aurkako agerraldi jendetsua egin dute Arrasaten. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Ez Arrasaten ez inon, erraustegirik ez dutela nahi aldarrikatu dute gaur arratsaldean ehunka herritarrek eta sortzen diren hondakinak gaika biltzearen garrantzia azpimarratu dute.

Arrasate Zero Zabor plataformaren aburuz, garrantzitsuena ez da erabiltzen den sistema, lortzen diren birziklapen tasak baizik. «Guk %80tik gora birziklatu nahi dugu, baina orain arte Gipuzkoan atez atekoarekin bakarrik lortu dira zifra horiek eta, gainera, hilabete batean», esan dute.

«Gaika biltzea erraza da. Hasieran aldaketek beldurra ematen dute, baina guk ziurta diezazuekegu hiru hilabete baino lehenago guztiok ohituko garela eta, gainera, harro egongo garela mundu garbiagoa egiten arituko garelako. Eta zalantzan bazaude, ez pentsatu zer den erosoago, pentsatu zure seme-alabentzat zer izango den egokiago. Maitasunak gainditu dezala erosotasuna!», gaineratu dute.