NAIZ.INFO
BILBO

Frankismoaren zigorgabetasunarekin amaitzeko eskatu dute Bilbon

Frankismoaren Krimenen kontrako Plataformak deituta, ehunka lagunek manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan barrena, diktaduraren zigorgabetasunaren bukaera eta biktimentzako erreparazioa galdegiteko.

Ehunka lagunek hartu dute parte manifestazioan. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Ehunka lagunek hartu dute parte manifestazioan. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

«Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez» lelopean egindako manifestazioa Plaza Eliptikotik atera da eta Arriaga Antzokiaren atarian izan du amaiera.

Mobilizazioan parte hartu duten lagunek «egia, justizia eta erreparazioa» bezalako oihuak bota dituzte ibilbidean zehar.

Manifestazioaren buruan ikurriña handi bat egon da, eta atzealdean, tamaina handiko bandera errepublikar bat.

Besteak beste, Sortu, Ezker Anitza eta Ezker Batua alderdi politikoek bat egin dute mobilizazioarekin, eta baita hainbat sindikatuk.