@iontelleria
Donostia

4 milioitik gora mezu hedatu dira euskaraz Twitter sarean

AEBetako unibertsitate baten ikerketaren arabera pasa den ekainaren 13a arte 4.227.543 txio izan ziren euskaraz Twitterren. ‘Indigenous Tweets’ izeneko proiektuak orain bi urte arte euskaraz hedatutako txioak 388.521 zirela dio, garapen ikusgarria, beraz. Aztergai dituen hizkuntza gutxituen artean euskara da erabiliena.

Twitter tresna sortu zenetik 4.227.543 euskarazko txio zenbatu ditu Kevin Scannell irakaslea buru duen ‘Indigenous Tweets’ proiektuak. Ekainaren 13koa da AEBetako Saint Louis Unibertsitateko (Missouri) proiektu honen azken azterketa. Datu zehatzaz gain, garapena da argien erakusten duena; izan ere, 2011ko antzeko azterketan 388.521 ziren euskaraz txiokatutako mezuak. Garapen horretan aipagarria da aztergai dituen beste hizkuntzekin alderatuz euskarak izan duen garapena, hizkuntza gutxituen zerrenda luzean lehen postuan ageri da gurea.

2011ko martxoan abiarazi zuen proiektua Scannell-ek 35 hizkuntzen azterketarekin, 82 ziren hurrengo hilabeterako eta 100dik gora ditu orain aztergai. Jarraitzen dituen hizkuntza gehienak interneten erabilpen oso murritza dute eta Katalana, adibidez, ez da aztertuen artean ageri. ‘IndigenousTweets.com’ proiektuaren arabera 17.035 dira euskaraz jarduten duten txiolariak, 10.000 inguru dira UMAPen arabera eta 6.000 inguru aktiboak. Datu zehatzen ezberdintasunaz harago, euskarak sarean duen presentzia gero eta handiagoaren erakusgarri da AEBetako unibertsitate honetako azterketa.

8.000 txio eguneko bataz beste

Euskarak duen etenik gabeko garapen hori UMAPek aztertzen du gurean gertu-gertutik. Maiatzeko datuen arabera bataz beste eguneko 8.902,87 txio izan ziren eta 275.989 hilabete osoan. UMAPen irizpideen arabera (erabiltzaile aktiboak izatea, jarduera «robotikoa» ez izatea...) 5.413 erabiltzaile euskaldun aktibo izan dira azken hilabetean (12.000 inguru dituzte datu-basean).