Koldo Otamendi

Crystal Fighters: Sentimendu askearen borrokalariak

Azken urte hauetan guztietan zeresan handia eman du Crystal Fighters talde britainiarrak. Londresko underground giroetan abiatu zuten ibilbidea, epe laburrean Europa mailako jaialdi ezagunetan kartelburu izateraino iritsiz. Egunotan Euskal Herrian dira, Zugarramurdiko koban aurkeztuko baitute bigarren albuma, kontzertu berezia emanez. NAIZ beraiekin egon da emanaldiaren aurreko egunean.

Sebastian (Crystal fighters) Juan Mari Beltranekin txalaparta jotzen. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Sebastian (Crystal fighters) Juan Mari Beltranekin txalaparta jotzen. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

2007an sortutako indie banda arrakastatsuak bigarren albuma kaleratu berri du abuztuan, «Cave Rave», eta berau aurkezteko kontzertu berezia emango dute gaur Zugarramurdiko kobetan. Bertan, diskoaren izenburuari erreferentzia zuzena egiten dion «kobazuloko festa» honetan, taldearen iraupen luzeko bigarren emaitza dena taularatuko dute, egun berezi honetarako espresuki prestaturiko eszenografia bereziarekin. Haiekin arituko dira Belako eta Wilhem And The Dancing Animals taldeak. Bi talde hauek ere zeresana ematen ari dira azken boladan, Euskal Herriko mugetatik harago zabalduz bere sona. Emanaldi honetarako sarrera guztiak agortuak daude. Hala ere, nahi duenarentzat, emanaldia streaming bidez ikusteko aukera izango da, taldearen atari digitalean.

Crystal Fighters banda ingelesak lotura berezia du Euskal Herriarekin. Izan ere, kideetako baten aitona Euskal Herrian bizi zen, eta berau hil ostean etxea txukuntzen ari zela topatu zituen ilobak beste lau lagunekin batera osatuko zuen taldeari izena emango zion «Crystal Fighters» idatzia. Hauxe, opera lan bat zen, aitonak erdi amaitua utzi zuen izkribua. Hari horri tiraka sortu eta garatu da taldearen izaera. Bai musikalki eta bai filosofia aldetik. Taldearen estilo aniztasunak bereizgarri egiten du haien musika, eta tartean txalaparta eta txistua bezalako instrumentuak erabiltzeak bakar bilakatzen du proposamena.

Musikalki, indie mugimenduan kokatzen da taldea, pop musikaren ildoan, tartean giro elektronikoetara eta folk erritmoetara biratuz. Ehunka dira, milaka, munduan zehar erreferentzi horietan kokatzen diren bandak, baina bakarra txalaparta eta txistua bezalako instrumentuekin uztartzen dituena: Crystal Fighters.

Andoainen eta Oiartzunen

Eguerdiko ordu bietan hartu zuen lurra Crystal Fighters taldearen hegazkinak Loiuko aireportuan. Egun hauetan etengabea da taldearen jarduna: disko berriaren harira, ugariak dira entsegu lokaleko saioak, eta prentsa eta komunikabideekin promozio elkarrizketak. Taldea osatzen duten zazpi musikariez gain, emanaldia bideoz grabatuko duen lantaldea dute alboan. Errepidea arrapaladan hartu, Donostiako hotelean gauzak utzi, eta Andoaingo Garate estudioetara jo zuten zuzenean. Garate estudioak Euskal Herriko grabaketa estudioen artean puntakoak dira. Kaki Arkarazo soinu teknikariaren gidaritzapean, ugariak dira azken hamahiru urteetan bertatik igaro diren musika taldeak. Gehienak, bertakoak, Euskal Herrikoak. Baina estatu espainoleko eta nazioartekoak ere bai. Taldekideek bisita laburra egin zuten estudioan barrena, eta harrituta geratu ziren bertan ikusitako baliabideekin. Nork daki, agian, taldearen hurrengo diskoa bertan grabatuko da. «Horrelako leku eder batean disko bat grabatzea ederra izan behar da. Estudioa, ingurua, bertako natura... magia berezi bat sumatzen da», dio Grahamek, taldeko gitarra jotzaile eta txalapartarietako batek. Estudioa bisitatzeaz gain, bazkari goxoaz gozatzeko aukera izan zuten bertan. Entsalada, odolkiak, txorizoa, txistorra.... sagardoa, eta nola ez, ardo gorri nafarra.

Bapo bazkalduta, bitan banatu zen taldea. Batzuk Zugarramurdira abiatu ziren soinu probak egin eta musika tresnak paratzera. Graham eta Sebastian berriz, Oiartzunera. Bertan, Juan Mari Beltran musikariak koordinatzen duen Soinuenean, Herri Musikaren Txokoa museoan, zuten hitzordua. Gutxi izango dira gurean Beltran bezainbeste bizi dutenak euskal musika tradizionala. Gutxiago, berak duen jakinduriaz. Crystal Fighters taldeko kideak euskal folklorearen zale amorratuak dira. Taldearen Facebook orrialdean hala diote: «We make fast dance music with Basque instruments, synthesizers and our voices». Gustura entzun zituzten Beltranen azalpenak. Txalaparta eta txistua euren kantuetan barneratzeaz gain, interes berezia azaldu zuten bertako tresnekin. Soinuenea museoa izugarria da. Ehunka dira bertan ikus daitezkeen musika tresnak, horietako gehienak Euskal Herrikoak. «Guretzako izugarria izan da lekua bisitatzea. Sarri arakatu dugu euskal musika tresnetan, baina hau zuzenean ikustea eta entzutea oso handia da», adierazi zuen Sebastianek, taldeko ahots eta gitarrak. Bide horretan, Juan Mari Beltranekin txalaparta jotzeko aukera ere izan zuten bi kideek. Sutsu aritu ziren Beltranek ezarritako erritmoan. Gainera, zenbait musika tresna aditzeko aukera izan zuten, alboka kasu. Beltran ere gustura aritu zen britainiarren galderak erantzuten. «Lehen gu aritzen ginen musikari zaharrak galdekatzen kantuak galdu ez zitezen. Orain, gazteei erakusten diegu guk», esan zuen irribarrez.

Taldeko kideek ez dute lehen aldia Euskal Herrian. Urteak atzera bisitan izan ziren, eta taldeak bitan jo du zuzenekoan: Donostiako Jazzaldian eta Bilboko Kafe Antzokian. Bietan, jaso duten erantzuna ederra izan da. Baina gaurko emanaldia beste gauza bat dela diote. «Errepikaezina», adierazi zuten biek.

Zugarramurdiko kontzertua berezia izango dela dio Sebastianek, emanaldiri buruzko informazioa eskainiz. «Disko berriaren aurkezpen emanaldia izateaz gain, kokagunea bera berezia da guretzako. Duela zenbait hilabete izan ginen bertan kobak ikusten, eta zirraragarria izan zen», azaldu zuen. «Gaur, gainera, jotzeko aukera izango dugu». Mundu mailako bira abiatuko du taldeak emanaldi honekin. Europa lehenik, eta mundu zabalera ondoren, ugariak dira taldeak eskainiko dituen emanaldiak. Bide horretan, beste hitzordu bat izango dute Euskal Herrian. Irailaren 7an Donostian joko dute, Kutxa Kultur Festibalean.