Naiz.info
Beasain

Mikel Ayllonek irabazi du Igartza Saria «Ez tiro egin anbulantziei» egitasmoagatik

‘Ez tiro egin anbulantziei’ eleberri proiektua hautatu du epaimahaiak XVI. Igartza Sariko irabazle. Urtebeteko epea du orain Mikel Ayllonek egitasmoa ontzeko. Lana 2015 urte hasieran argitaratuko da, ondo bidean.

Mikel Ayllon, Igartza Saria eskuan duela. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Mikel Ayllon, Igartza Saria eskuan duela. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Mikel Ayllonen (Laudio, 1980) ‘Ez tiro egin anbulantziei’ eleberri proiektua hautatu du irabazle gisa Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberriak osatutako epaimahaiak.

Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatzen duen beka honetara hogeita bost proiektu aurkeztu dira aurtengo edizioan.

Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza eta urtebeteko epea izango du Ayllonek lana ontzeko. Ondo bidean, eleberria 2015 urte hasieran argitaratuko da.

Kazetaritzan aritua (Hala Bedi irratia eta ‘GARA’ren gazte gehigarria), aurretik liburu bat du argitaratua: «Gerezi gorrien garaia’, Paul Asensiorekin batera, herriko gazte mugimenduari buruzkoa.

Oraingoan nobela bat egiteko asmoa du Ayllonek, «teknikaz ausarta, denbora kronologikoa irauli eta atzekoz aurrera kontatzen baitu istorioa». Kartzela, misterioa eta maitasuna nahasiko ditu kontakizunak.