Mari OTXANDI - GAUR8
PARIS

Radio Pays

Parisen, «Argiaren hirian», irratia piztu eta euskara entzungai dago uhinetan. Radio Pays da dialean bilatu beharreko frekuentzia. Orain dela 30 urte hirian bizi ziren eremu urriko hizkuntzen hiztunak bilatzen hasi zen irrati proiektu bera. Egun, komunitate bakoitzak bere saioak egiten segitzen du, egunero, hasierako irmotasun eta alaitasun berarekin.

Ikurrina presente dute Radio Paysen estudioetan. (NAIZ.INFO)
Ikurrina presente dute Radio Paysen estudioetan. (NAIZ.INFO)

Parisen gaude; asteartea da, gaueko bederatziak puntuan. FM bandak igortzen du paristarrek exotikotzat duten sintonia. «‘Txalaparta Irratia’ saioa entzuten ari zarete», dio ahots batek, irrintzi alai eta irmo baten ondoren. Gauerdira bitartean, Frantziako hiriburuan bizi diren euskaldunek Euskal Herriari buruzko irratsaioa entzuteko aukera dute. Saioaren zati bat, gainera, euskaraz da. Jada 30 urte baino gehiago dira Radio Pays irratiak “Argien hirian” euskara entzungarri bihurtzen duela. Parisko espetxeetan dauden euskal presoei, gainera, senide eta lagunen mezuak helarazten dizkie.

Parisek beti erakarri ditu Estatu frantsesak kudeaturiko lurraldeetako pertsonak arrazoi asko direla medio: lan eta elikagaien gabezia, gudak edota tokian tokiko egiturak (maiorazkoa esaterako). Horietako batzuek lanbide jakin bat bere egin zuten (oraindik ere auverniarrek kudeatzen dituzte hiriburuko taberna, jatetxe eta hotel gehien-gehienak), eta, beste batzuk, aldiz, auzo jakinetan bildu ziren (bretoiak Monparnassen, hirira heltzen ikusten zituen tren geltokiaren inguruan, alegia).

Komunitate horiek ez bezala, euskaldunek ez dute ogibide edo auzo jakinik Parisen, baina aspalditik dira bertan. Ez hori bakarrik, jaioterria eta iraganeko gertaerak oroitzeko elkartzen dira, baita euskaraz egiteko ere. “Agur Xiberua” kanta ezagunean agerturiko errealitate bera. Halaber, Euskal Etxetik edo Parisko trinketetik igaro beharrik gabe, irrati uhinetan ere entzun ditzakete bai euskal doinuak bai euskal errealitateari eta kulturari buruzko saioak.

Hastapenak

Duela 30 urte baino gehiago, 1980an, Parisko zenbait bretoik egitasmo aitzindaria jarri zuten abian: Parisko arroan bertan bretoieraz irratsaio bat egitea. Garai hartan, Estatuak zuen irratien monopolioa; beraz, irrati pirata bat sortu eta saioa ezkutuan igorri beharra izaten zuten ametsa betetzeko. Lehen talde hark, hori bai, garbi zuen bakarrik ezingo zuela irrati bat oso-osorik martxan jarri eta ideia bat izan zuen: Estatu frantseseko gutxitutako beste hizkuntza batzuetako hiztunekin batera egitasmo bat agian jartzea herrion kulturak hedatzeko. Horrela sortu zen gerora Radio Pays izango zena.

Ez zen erraza izan jendea aurkitzea proiektuari ekiteko. Bretoiak, hori bai, asko ziren eta ongi antolatuta zeuden; gainera, ohi duten gisan, bizi-biziak ziren. Ekimenera batzen bigarrenak euskaldunak izan ziren. Geroago okzitaniarrak, katalanak eta korsikarrak heldu ziren. Oraindik alsaziar, lorrenar eta flandiarrak falta ziren, nahiz eta azken horietako oso gutxik parte hartzen duten irratian.

Hasieran, irrati berriak Solidarnosc Poloniako sindikatuak erabilitako frekuentzian igortzen zuen seinalea (audientzia handiak eta elkartasun adierazpen ugari biltzen zituzten sindikalista poloniarrek garai hartan Estatu frantsesean). Beraiena zen materiala, eta emisio denbora bi erakundeen artean partekatu zuten.

Irrati uhinen «askatzea»

1981. urtean, François Mitterrand Frantziako presidente bihurtu zen, eta, berau agintera iristearekin batera, zenbait gauza aldatu egin ziren. Egia da euforiak gutxi iraun zuela, baina irrati uhinak «askatzeko» aldarrikapena aintzat hartu zuen: azaroaren 9an irrati piratak «irrati aske» bilakatu ziren. Aginte berriak nahiago zuen irratiak kontrolatu horiek debekatu eta geroago matxinoak ehizatzea baino. Txosten bat aztertu ondoren esleitzen zituzten frekuentziak, eta, gero, irrati bakoitzak bere izaera juridikoa aukeratu behar zuen: elkarte bat izan, eta, beraz, publizitatea galdu –ahal bezala bizi, alegia–, edo enpresa pribatu izan, eta, neurri handi batean, publizitatetik bizi, «irrati komertzial» bihurtuz.

Radio Paysek uhin-maiztasun partekatua jaso zuen beste irrati aske batekin: Radio Tomate. Irrati bakoitzak bere egoitza propioa zuen eta elkarbizitza izugarri zaila izan zen. Izan ere, Radio Tomatek bere ordutegietatik kanpo seinalea igortzen jarraitzen zuen Radio Paysen jarduna eragotziz. Urteotan Radio Paysi frekuentzia osoa inoiz esleitu ez diotenez, beste “bazkide” batzuk izan ditu ezinbestean azken hamarkadetan: Radio Libertaire, Ado FM edo egungo Aligre FM (1981etik publizitaterik gabe lanean etengabe jarraitu duen beste irrati aske beterano bat da Radio Paysen egungo “bazkidea”, jaio zeneko izaera bere horretan gorde duena).

Baldintza gogorrak

Ronald Gazzola ondo oroitzen da Radio Paysera iritsi zen garaiaz. «1984an Belleville auzoan zen egoitza, 8 metro koadroko gela batean, eta hara joateko patio bat zeharkatu behar zen. Era sinbolikoan, 8 metro koadro horiek bi zatitan erdibituta zeuden: zati bat estudioa zen, eta, bestea, teknika-gela. Komunak kanpoan ziren, patioaren beste aldean. Egun batean, irratiko lehendakariak esan zuen: ‘Aski da! Diru pixka bat inbertitu eta aloka dezagun etxebizitza bat Boulognen zulo ziztrin honetatik alde egiteko!’».

Frekuentziaren esleipena berritzeko garaia zen. «Bost urtez frekuentzia beste batzuekin partekatu izanaz nekatuta, osoa eskatu ondoren, inoiz lortu ez genuena, Boulogneko etxebizitza hartan sartu ginen isilpean, alokairu-kontratuan lehendakariaren izena besterik ez baitzen agertzen. Han egokitze-lanak egin genituen, estudioa eta teknika-gela bereizteko», azaldu du Ronaldek.

Handik gutxira, 1988-1989 inguruan, irratiko kide gazteenek «dinamika biziagoa» eskatu zuten, irratia «mugi zedin» nahi zuten. Hala, kudeaketa taldea aldatu egin zen. Jean-Marie Leandri lan handia egiten hasi zen baliabide ekonomikoak eskuratzeko. Ronald bera lehendakari bilakatu zen; bilera guztietan agertu eta gonbidapen guztiei erantzuten zien. «Irratiaren hamargarren urteurrena ospatzeko Radio France [frantses irrati nazionala] eta Skyrock [herrialdeko irrati komertzial entzunetakoa] ziren mahai berean eseri nintzen... Ez zen gutxi Radio Paysentzat!», oraindik ere barre egiten du Ronaldek.

Aurrekontua urtean 50.000 liberatik (7.600 euro inguru) 400.000 liberara (ia 61.000 euro) igaro zen, komunikazio-lan itzelari zein instituzioei diru laguntzak eskatzeari esker. Orduan, estudioa Montreuil auzora eraman eta hango 140 metro koadroko lokal batean paratu zuten. «Han bi estudio genituen, sukalde bat, taberna bat... baita dutxa bat ere!». Gela handi bat izateak une lasaiak igarotzeko aukera ematen zien; gainera, egun jakin batzuetan elkarteko partaideen nahiz entzuleen bisitak hartzen zituzten bertan.

Kanpoko enpresa batekin hasi ziren harremanetan: publizitaterik gabeko elkarte-irratiak laguntzeko funts batek ahalbidetzen zien egitura hori pagatzea. Ronaldek ondo gogoratzen du garai hura: «Geure irrati-igorgailua genuelarik, aire beroa kanporatzeko klimatizazio-sistema bat zegoen, baina horrek ez zigun atea ixten uzten... Halaber, hozte-sistema maiz aldatu behar izaten genuen. Bero handia egiten zuenean, esaterako, igorpen-estaldura murrizten zen». Zerbitzu-hornitzaile batekin elkarlanean, «alderdi hori guztia haien esku utziz, gainontzekoaz ardura gintezkeen... lan mardula oraino!».

Egun, zazpi komunitate

Arazo teknikoei, irratiaren egituraren beharrei eta irratsaioak prestatzeko lanei ez ezik, komunitateen arteko arazoei ere erantzun behar izaten diete Radio Paysen. «Funtzionamenduaren oinarrian, hizkuntza bakoitzak bere eguna du, eta hori kudeatzea ‘komunitate’ bakoitzari dagokio, geuk hala izendatuta. Administrazio kontseiluak irratiaren kudeaketa orokorra bermatzen du, bertako kideak elkartearen urteroko batzar nagusian hautatuak direlarik. Hala ere, komunitate bakoitzak bere funtzionamendua eta antolaketa erabaki ditzake, burujabea izaki. Irratsaio bakoitzak, edukien ardura bermatzeaz gain, esatariak eta teknikariak hornitu behar ditu. Izan ere, ez dago taldeen arteko harreman handirik», Ronalden esanetan.

Bernadette Dirrix irratiaren lehendakari ohiak azaltzen duenez, bestela eginda arazoak sortzen zirela ikusita erabaki zuten azkenean horrela jokatzea: «Bildutako diru laguntzen inguruan sortzen ziren ika-mika handienak. Bretainia eskualdeak laguntza bat ematen bazuen, adibidez, bretoiek iradokitzen zuten diru hori beraien saioentzat zela. Azkenean, gai hori astun samarra suertatzen zen: denontzako dirua zen, irratiarentzakoa alegia!».

Uneotan, FMko 93.1ean emititzeko lizentzia partekatu beharra dela-eta, honako ordutegietan du antena erabiltzeko aukera Radio Paysek: astelehenetik ostiralera, eguerditik arratsaldeko bostetara, eta, geroago, gaueko bederatzietatik goizeko lauretara. Zuzeneko saioak batez ere gaueko ordutegian egiten dituzte, behin lana bukatuta, orduan izaten baitute irratiko kideek aukera estudiora joateko. Komunitatez komunitate, honakoa da banaketa: astelehenetan, okzitaniarrak; astearteetan, euskaldunak; asteazkenetan, korsikarrak; ostegunetan, katalanak, eta, ostiraletan, bretoiak. Falta diren bi komunitateek (alsaziarrak eta lorrenarrak –biak batera–, eta flandestarrak), bina ordu dituzte igandeetan, nahiz eta ordezkari gutxi dituzten Parisen eta ia inoiz ez diren irratiaren egoitzan bertan izaten.

Berez, administrazio kontseilua da komunitate guztiak elkartzeko gune bakarra. Aurreko garai batean saiatu ziren «komunitate arteko saioak» egiten, batik bat gau berezi batzuetan (ostiraletik larunbaterako gauean emisioa ez da goizeko lauretan mozten, Radio Paysek larunbateko arratsaldeko laurak bitarte emititzeko baimena baitu). Aldiz, oso jende gutxik hartzen zuen parte eta egitasmoa bertan behera utzi zuten. Gainera, komunitate bakoitzak bere interesen alde egin ohi zuen, besteen zein irrati osoaren beharrak kontuan hartu gabe. Azken finean, ez da batere erraza interes ezberdinak dituzten hainbeste pertsona kudeatzea eta hori agerian geratzen zen.

Hasiera batean, Radio Paysen helburu nagusia programazioan Estatu frantseseko eremu urriko hizkuntzei leku egitea zen, Parisen ziren hiztunek euren hizkuntzak entzun ahal izateko. Hala, asmoa programazioaren zati bat hizkuntza horietan egitea eta gainontzekoa frantsesez izatea zen, horrela beste komunitateetako kideei gutxitutako kulturak ezagutarazteko. Tamalez, hasierako ideia horrek gutxitan izaten du isla errealitatean. Batzuetan, komunitate batek berezko hizkuntz hiztunik ez izatea eta irratsaio osoa frantses hutsez izatea gerta daiteke. Beste batzuetan, berriz, guztiz kontrakoa: komunitate batek bere berezko hizkuntzan egitea saio oso-osoa. Azken finean, irratsaio bakoitzaren arduradunen mende geratzen da aukeraketa, eta, ondorioz, hautua asko alda daiteke egun batetik bestera.

Presoentzako mezuak

Azken hamarkadotan, Radio Paysek bere egin du beste zeregin bat ere: Parisen bertan eta inguruetan kartzelatutako komunitate bakoitzeko preso politikoei mezuak bidaltzea. Jean Marie korsikarrak horretaz hitz egin zuen 1999an France 3 telebistak eginiko erreportajean: «Jaso genuen lehen deia amona batena zen, hemen Parisen kartzelatutako bilobari zuzendutakoa. Handik gutxira, presoentzako ordubeteko saioa zabaldu genuen. Preso politikoak direnez, misio humanitarioa da gure begien aurrean. Ezin zaie ezetz esan ama horiei, seme-alaba horiei, amona horiei; askok ezin dute ordaindu parloir edo bisitara joateko bidaia. Parloir bakoitzak 300 euroko kostua izan ohi du eurentzat batez beste».

Euskaldunek korsikarren egoera bera bizi dute. Korsikarren saioetan grabaturiko lehen deia 1984koa da. Ordutik hona, korsikarren eta euskaldunen irratsaioen zati bat dei horientzat gorde da: ordubete korsikarren kasuan eta ordu eta erdi euskaldunenean. Ronald Gazzolak gogoratzen duen bezala, «errepresioak gogor jo zuen 80ko hamarkadako garai hartan». Baita sakabanaketak ere. Euskal saioak ia osorik egokitu zituzten presoentzat. Irratsaioaren izenari ohore egiten dio “Txalaparta Irratia”-k: presoen eta haien senide zein lagunen arteko lotura ahalbidetzen du asteartero. Une garrantzitsua eta desiratua da guztiontzat.

Telefono bidezko mezuak eskaintzeaz gain, “Txalaparta Irratia”-k harreman zuzena du Etxerat euskal preso politikoen senideen elkartearekin. Hala, Etxeratek hurrengo asteburuko bisiten ordutegiak, presoen lekualdaketak, datozen auzien datak... helarazten ditu saiora deiei tarte egin aurretik informazio hori zabal dezaten. Horrela, presoek bestela zailtasunez eskuratuko luketen informazioa jasotzen dute.

Errepresioak bretoiak gogor jo zituenean, 1990eko hamarkadaren hondarrean, preso politiko bretoientzako mezuak jasotzeko saioa ere egin zuten ostiraletan.

Ohiko irrati bat baino gehiago

Bernadette Dirrixek adierazten duenez, irratiak trebatu eta lana aurkitzeko aukera eman dio askori. Denbora luzean, soldatapeko idazkari batek alde burokratikoa kudeatu izan du, lanpostuak sortzeko Estatu frantsesaren laguntza politikari esker. Halaber, «ezinbestekoa zen egunean zehar norbait telefonoa hartzeko egotea, gurea irrati huts bat izan ez zedin». Arlo pertsonalera joz, honakoa nabarmendu du: «Irratiak emandako eskarmentuari esker lanpostu bat aurkitu eta pena handiz alde egin behar zuela esan didanean norbaitek, berri zoragarria iruditu zait!».

Radio Paysen egun bakar batean, hainbat astez, hilabete batzuez edo urte luzez ibilitako jendeak ondare gisa gorde ditu elkarrekin partekatutako une horiek. Gau osoan zehar eginiko zenbait saio ahaztezinak dira horietan parte hartu dutenentzat. «Benetako plazera zen!», dio Bernadettek gartsu. Gainera, Estatu frantsesak menderaturiko herrien arteko harremanek fruituak ere eman dituzte borroka politikoan, elkartasun ekimen ugari egin baitira irratitik kanpo ere.

Egun, duela hamar bat urtetik hona, Radio Paysek lokal txikiago bat du hartua, eta elkarlanak indarra galdu du hainbaten ustez. Hala ere, nahiz eta jada ez den geratzen 1980ko edo 1981eko jenderik, beste pertsona batzuek hartu dute lekukoa. Pertsona horiek euren kultura eta hizkuntzek Estatu frantseseko hiriburuan bertan ere bizirik jarraitzea bermatzen dute, Estatuaren betiko suntsiketa saioak gorabehera. Hori ere bada planetaren uniformetasunari erresistentzia egiteko manera.