@gara_augarte
DONOSTIA

Langabezia tasak gora egin du Euskal Herrian

Langabe kopuruak gora egin du 2013ko hirugarren hiruhilekoan Euskal Herrian, Populazio Aktiboaren Inkestaren eta INSEE estatistika institutu frantsesaren datuak aintzat hartuta. 226.589 pertsona daude lanik gabe, bigarren hiruhilekoan baino 1.400 gehiago. Langabezia tasa %15,9ra hazi da, Gaindegiaren arabera.

Emakume bat Lanbideren bulego batean sartzen, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Emakume bat Lanbideren bulego batean sartzen, Donostian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Hego Euskal Herrian 211.600 pertsona zeuden lanik gabe 2013ko bigarren hiruhilekoan, INE Estatistika Institutu espainolak zabaldu dituen Populazio Aktiboaren Inkestaren arabera. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 1.400 langabe gehiago zenbatu dituzte.

Bizkaian ezik, gainerako hiru herrialdeetan gora egin du langabe kopuruak. Nafarroan 55.500 pertsona daude lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 100 gehiago. Araban, 24.700 langabe daude, 400 gehiago. Gipuzkoan 41.900 langabe zenbatu dituzte, aurreko hiruhilekoan baino 500 gehiago.

Bizkaian, aldiz, kopuruak behera egin du eta 700 langabe gutxiago daude, guztira 89.500.

Langabezia tasari dagokionez, Hego Euskal Herriko batez bestekoa %16,4koa da, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren altuagoa.

Nafarroak du tasarik altuena, %18,23koa, nahiz eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta zertxobait jaitsi den. Bizkaian gora egin du, %17,18 arte; Araban ere hazi egin da, %15,81 arte; eta Gipuzkoan ere joera goranzkoa da (%13,59).

Ipar Euskal Herriari dagokionez, INSEE estatistika institutu frantsesaren arabera 14.989 dira langabezian daudenak. Langabezia tasa %11,2koa da, azken hamarkadan altuena, Gaindegiaren arabera.

226.589 langabe Euskal Herri osoan

INEren datuak eta INSEE estatistika institutu frantsesaren datuak aintzat hartuta, 226.589 langabe daude Euskal Herri osoan, aurreko hiruhilekoan baino 1.400 gehiago, Gaindegiak jakinarazi duenez. Langabezia tasa %15,9koa da, bi hamarren altuagoa.