NAIZ.INFO
DONOSTIA

«Euskal unibertsitatearen hazia izan dadin», online irakaskuntzan jauzia egingo du UEUk

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2013/2014 ikasturteko irekiera ekitaldia egin du Eibarko egoitza akademikoan eta bertan online irakaskuntzan «jauzi kualitatiboa» eman nahi dutela adierazi du UEUko zuzendari Karmele Artetxek, «euskal unibertsitatearen hazia izan dadin».

Ezker eskuin, Zigor Etxeburua, Karmele Artetxe eta Ana de Castro. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Ezker eskuin, Zigor Etxeburua, Karmele Artetxe eta Ana de Castro. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ekitaldia Markeskoa Jauregian izan da, eta Artetxerekin batera, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Mari Jose Telleria Eibarko Udaleko alkateorde eta Iratxe Esnaola Deustuko Unibertsitateko irakasle eta UEUko zuzendaritzako kidea egon dira.

Unibertsitate eta euskalgintzako hainbat ordezkari ere izan dira han.

Ikasturte berri honetan Udako Euskal Unibertsitateak «erronka handi» bati helduko diola azaldu du Artetxek, online irakaskuntzaz ari zela. UEUko zuzendariak bide honi duela hamar urte ekin ziotela azaldu du, eta esperientzia horrek «pauso bat haratago joateko ziurtasuna» ematen diela.

UEUren helburua metodologia hau erabiliz titulazioak eskaintzen hastea da, hau da, gradu eta graduondokoak (Itzulpengintza eta Teknologia iaz hasi ziren eskaintzen).

UEUko euskal campus bat irudikatzen duela adierazi du Artetxek: «Espazioaren mugak gaindituz, unibertsitate desberdinekin elkarlanean urruneko irakaskuntzaren bidez saretuko den proiektua lantzen gabiltza. Campus ireki bat irudikatzen dugu, euskalduna eta kalitatezkoa».

Bi helburu

UEUren online irakaskuntzaren ildoak bi helburu nagusi ditu: alde batetik, goi mailako etengabeko prestakuntzaren esparruan, formazioa behar duten profesional euskaldunen beharrak asetzea, eta, bestetik, «euskal unibertsitatearen hazia ereitea», eta hazi horrekin, euskarazko ikasketa unibertsitarioak egituratu eta ikasleria zein irakasleri euskalduna bildu eta saretzea.

Pertsonengan oinarritutako e-learning eredua da UEUrena, erakundearen izaera eta zerbitzu publikoko filosofiarekin bat egiten duelako. Iaz, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin jauzi teknologikoa eman ahal izan zuen, Moodle 2.2.3. bertsioa inplementatuz, eta gaur egun, online irakaskuntzaren metodologia berrikusten ari dira, hobekuntzak egiteko.

Ekitaldia Iratxe Esnaolak eman duen ‘Ikasteko Ingurune Birtualak: erronka teknologikotik erronka pedagogikora’ hitzaldiarekin amaitu da. Bere mintzaldian, azken urteotan hezkuntza unibertsitarioa «aldaketa konstantean» bizi dela aipatu du Esnaolak, batetik, Boloniako prozesuaren ondotik, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak irauli direlako, eta, bestetik, faktore teknologiko eta sozialek irakatsi eta ikasteko beste metodo eta bide batzuen indartzea ekarri dutelako, ikasteko ingurune birtualena kasu.