NAIZ.INFO
Donostia

Hamaika ekimen herritar eta ofizial, euskararenak 365 egunak izan daitezen

Sarean eta kalean hamaika ekimen izan da Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta euskal hizkuntza eguneroko komunikazio tresna gisa indartu dadin. Euskaltzaleen Topagunea asteak daramatza ‘365 egun’ kanpaina herriz herri zabalduz, Lakuako Gobernuak ‘#mundiala’ ekimena garatu du eta izan da gaurko «mezu polit eta hitz ponposoen atzean dagoen errealitate gordina» salatuko duenik ere, EHEren moduan.

Donostiako Antzoki Zaharrean egin den ikuskizuna . (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS9
Donostiako Antzoki Zaharrean egin den ikuskizuna . (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS9

Aldarrikapena, ospakizuna eta salaketa; denetik du aurten ere Euskararen Nazioarteko Egunak. Aitzakia bilakatu nahi du gaurkoak euskarak egun bat ez, 365 izan ditzan. Modu horretan garatu du herriz herri azken asteotan bere dinamika, adibidez, Euskaltzaleen Topaguneak. Azken egunetan batean eta bestean zabaldu dituzte milaka afitxa deialdiarekin eta ekimen ugari antolatu dituzte herriz herri, «urte osoa euskararen egun bihurtzeko».

Topaguneak jai giroko ekimenak antolatu ditu Durangon, Erandion, Deustuan, Gasteizen, Elgoibarren, Etxebarrin, Gasteizen, Lazkaon, Donostian eta Errenterian, besteak beste. Horien artean bat nabarmentzearren, ‘Zergatik ez?’ euskararen erabilera soziala bultzatzeko tailerra. Gaur ez, egunero eta herriz herri garatzen ari diren ekimena.

Eragile ezberdinek antolatuta, bestalde, ohiko bilkatzen ari diren mintzodromoak ere izan dira, baita ‘Berbodromoa’-k ere Erandion, Donostiako San Telmo museoan eta Gasteizen, beste toki batzuen artean.

#mundiala, ‘euskaraz bizi’...

Lakuako Gobernuak aurten Twitter sarean egin du indar #mundiala traolarekin. Euskara Twitterren dauden 35 hizkuntzetako bat izanik beraren erabilera indartzeko dinamika abiarazi zuen egun batzuk atzera, gainera munduan diren milioi bat euskaldun ingurua identifikatzeko ere baliatu nahi dute eguna.

Lakuak 19.00etan egingo du eguneko ekitaldi nagusia, bertan izango dira Iñigo Urkullu EAEko Lehendakaria, Cristina Uriarte sailburua eta Patxi Baztarrika sailburuordea ere. Jean Haritschelhar euskaltzainburu oiha gogoan izango dute.

Euskal Herrian Euskaraz-ek ekimen herritarretan parte hartzeko deialdia egiteaz gain protesta ere deitu du EAEko Gobernuaren ekitaldi horren kari. 18.30ean elkarretaratzea deitu du EHEk ‘mundiala’ Jaurlaritzaren «iruzurra» dela salatzeko.

‘Euskaraz bizi nahi dut’ ekimenak euskaraz bizitzeko hautua norberaren etxeko balkoietan adierazteko deia egin du.

Baionan Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinean Euskal Konfederazioak piknika antolatu du.

‘Linguae Vasconum Primitiae’ren edizio berria

Euskaltzaindiak Gasteizko Legebiltzarrean Bernard Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ lanaren edizio berri bat aurkeztu du, txinera, arabiera, kitxua, errumaniera, katalana eta galegozko bertsioekin.

Mintzanet Sariak

Bestalde, Mintzanet ekimenak I Mintzanet Sariak banatu dizkie Donostian Izaskun Arrieta «bidelagun» azkoitiarrari eta Jose Ramon Onaindia «bidelari» getxoztarrari.

Arretxe eta Uriberi omenaldia Bilbon

Bilboko Udalak, berriz, hainbat idazle omendu ditu, euren lanetako istorioak Bizkaiko hiriburuan kokatu dituztelako. Zehazki, aurten Jon Arretxe eta Kirmen Uriberi esker ona adierazi die, ‘19 kamera’ eta ‘Bilbao-New York-Bilbao’ lanengatik.