@gara_isoto
DONOSTIA

Kontatzeko moduko (H)istori(o)a

Madibaren bizitza zein apartheidaren aurkako borroka kontatzeko moduko istorioak dira biak. Baita irakurtzeko modukoak ere. Orokorrean, zapalkuntzaren aurkako borroka klandestino orok du literaturazko zerbait, nekez hel baitaiteke giza-imajinazioa klandestinitatean gertatzen diren moduko istorioak asmatzera. Hegoafrikarrak, gainera, bikainak dira istorioak kontatzen. Abantaila badute: askatasuna irabazi egin zuten, baita idazteko askatasuna ere. Hemen aipatuko diren liburu gehienak ingelesez daude idatziak eta ez daude itzuliak, horrek suposatzen duen mugarekin.

Ronnie Kasrilsek bere autobiografia aurkeztu zuen Donostian otsailean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Ronnie Kasrilsek bere autobiografia aurkeztu zuen Donostian otsailean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Liburu hauen guztien artean Mande
lari buruzkoak nagusi dira. Hor sar
tzen dira Madiba berak idatzitakoak
 ere. Adibidez, ‘Long Walk to Free
dom’ autobiografia –gazteleraz ‘El
 largo camino hacia la libertad’ izenburuarekin argitaratu zena–, baita
Txalapartak argitaratutako ‘Un ideal
 por el cual vivo’. Anthony Sampso-
nen ‘Mandela. The Authorised bio-
graphy’ klasiko bat da. John Carlinen
 ‘The Human Factor’ ez da biografia
bat, ez da analisi politiko bat, batez
ere lan periodistikoa da, errugbiaren
metaforarekin, lizentziak lizentzia,
 Madibaren irudi nahiko erreala ema
ten duena. Kasu honetan ere, liburua 
pelikula baino askoz ere hobeagoa da. Dossier honetan elkarrizketatu dugun Alfred Bosch adituaren ‘Nelson Mandela, le dernier titan’ ere aipatu behar da.

Biografiak eta gogoetak

Mandelak sarri aipatzen zuenez, bere lorpenak ulergaitzak lirateke berarekin batera borrokatu ziren pertsona horien ekarpena gogoan izan gabe. Zentzu horretan, bai Robben Islanden berarekin batera zeuden, bai bera kartzelan zegoen bitartean klandestinitatean zeuden, bai ondoren berarekin gobernuan agintari izan ziren kideei buruzko liburuak oso komunak dira. ANCren barruan lidergo kolektiboak indar handia duela gogoratu behar da hemen. Madiba presondegian zen garaian ANCren buru izan zen Oliver Tamboren biografia Luli Calinicosek idatzi zuen, adibidez. Mandelaren ondoren lehendakari izan zen Tabo Mbekiren aita, Govan Mbeki, Madibarekin kartzelan izan zen eta garai hari buruz ‘Learning from Robben Island’ idatzi zuen. Fran Lisa Buntmanen ‘Robben Island and Prisioners Resistance to Apartheid’ ikuspuntu analitikoago batetik heltzen dio buruzagitza eta kartzelaren auziari. Albie Sachs-ek, guda garaian Mozanbiken atentatua jasan zuen eta apartheidaren ondoren Konstituzioa egiten lagundu zuen aktibistak, liburu pare bat idatzi ditu bere esperientzia eta gogoetak bilduz: ‘The Jail Diary of Albie Sachs’, kartzelari buruz, eta ‘The Soft Vengeance of a Freedom Fighter’, bere aurkako atentatuak utzitako ondorioei nola aurre egin zien eta nola bihurtu zuen hori indargunean kontatzen duen liburua. Sachs bezala, Ronnie Kasrils eta Joe Slovo jatorri judutarreko txuriak ziren, pribilegiatuak apartheid garaian. ANC eta MK-ko buru izatera heldu ziren eta, ondoren, baita ministro izatera ere. Lehenengoaren autobiografia, ‘Armed and dangerous’ (‘Armado y peligroso’ gazteleraz) aurten bertan argitaratu du Txalapartak. Kontakizun zirraragarria da. Slovo, ordea, irabazi eta urte gutxitara hil zen, ‘The Unfinished Autobiography’ lekuko gisa utzita. Bere alaba, Gillian, idazle ezaguna da eta bere bizipenei buruz ‘Every Secret Thing’ idatzi du.

ANC ezagutzeko bada mugimendu honen alderdi desberdinak aztertzen dituen bilduma bat. Ben Turok da editorea eta ‘Understanding the ANC Today Series’ deitzen da. Richard Callanen ‘Anatomy of South Africa’ apartheidaren erorketaren osteko botere banaketa berria ezagutzeko tresna baliagarria da, arlo judizialetik hasi eta sindikatuen esparruraino botere-guneak zein boteredunak banan banan aztertzen dituelako.

Gatazkaren gai zehatzei buruzko izenburuak ere badira, hara nola herri mugimendu demokratari (UDF delakoari) buruzkoak, egia eta memoriari buruzkoak, historiari buruzkoak, negoziazioei buruzkoak, arrazakeriari buruzkoak, gerra zikinari buruzkoak... Apur bat sakonduz, batak bestera eramango gaitu.

Literatura «puruari» dagokionez, Hegoafrikak bi Nobel saridun idazle dituela gogoratu behar da: Nadine Gordimer eta J.M. Coetzee. Bien idazlanetan hegoafrikar gizartearen ezaugarriak eta kontraesanak azaltzen eta aztertzen dira. Goi mailako idazleak dira, biak ala biak.

(*) Irakurketa gomendioen zerrenda hau osatzeko Hegoafrikan izan diren ezker abertzaleko hainbat kideri galdetu diegu, baita literatura politikoaz arduratzen den euskal editore bati. Mila esker. Zerrenda, jakina, ez da inondik inora behin betikoa.

(**) ANCren internet bidezko artxibategiak nazio askapen mugimenduaren bilakaera ikusteko oso baliagarriak dira, harribitxia. www.anc.org.za helbidean mugimendua negoziatzera eraman zuten gogoeten aktak daude, besteak beste.