@gara_augarte
DONOSTIA

Prezioek behera egin dute urtarrilean Hego Euskal Herrian

Prezioek behera egin dute urtarrilean Hego Euskal Herrian, erregaien prezioen beherakadak eraginda. Urte arteko inflazio tasak, ordea, gora egin du Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban.

Erregaien prezioen merkatzeak eragina izan du KPIren beherakadan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Erregaien prezioen merkatzeak eragina izan du KPIren beherakadan. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) behera egin du nabarmen urtarrilean Hego Euskal Herrian, INE estatistika institutu espainolak plazaratu dituen datuek erakusten dutenez.

Abenduarekin alderatuta, Nafarroan izan da beherakadarik handiena, %1,8 jaitsi baitira prezioak.

Araban %1,5ekoa izan da beherakada; Bizkaian, %1,4koa eta, Gipuzkoan, %1,3koa.

Urte arteko inflazioari dagokionez, ordea, Nafarroak bakarrik eutsi dio tasa negatiboari (-%0,4). Gainerako hiru herrialdeetan inflazioak gora egin du: Bizkaian, %0,7; Gipuzkoan, %0,6; eta Araban, %0,4.

INEren arabera, erregaien prezioen beherakadak eta tabakoaren salneurrien egonkortzeak eragin du prezioen merkatzea urtarrilean.