@arianekamio
Bilbo

Durango eta Iruñea arteko bideak 22.000 katebegi ditu dagoeneko

La Casillako ekitaldian bat egin duten milaka lagunek helburu bakarra izan dute bertaratzerako orduan; erabakitzeko eskubidea gauzatzea. Gaurko hitzordua Gure Esku Dago dinamikaren abiapuntua izan da ekainaren 8an Durango eta Iruñea eskuz-esku batuko dituen giza katerako. Dagoeneko 22.000 bat egite lortu ditu zitak. Trena abian da; orain, gure esku(bidea) egitea.

Gure Esku Dagok ekitaldi jendetsua egin du La Casillan. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Gure Esku Dagok ekitaldi jendetsua egin du La Casillan. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Leporaino bete da gaur La Casilla (3.000 lagun), datorren ekainaren 8ko giza kateari begira Gure Esku Dago dinamikaren abiapuntua izan den ekitaldian. Durango eta Iruñea bat eginda, eskuz-ezku, erabakitzeko eskubidearen alde. 50.000 lagun ingururen parte hartzearen beharra aurreikusten dute antolatzaileek eta, gaurkoan emandako zifren arabera, kasik erdia lortu dute oraindik bi hilabete geratzen direnean. 22.000 lagunek erosi dute dagoeneko euren metroa.

Hunkigarria eta ilusioz betetakoa izan da Bilbon bizitako hitzordua. Xabier Euzkitze eta Naroa Iturri izan dira gidari nagusi eta gonbidatu hainbaten presentzia izan du, aktore, kirolari, alor ezberdinetako ordezkari eta baita diasporatik iritsitako mezuak ere.

Eta, protagonista nagusi gisa, herrietako ordezkariak izan dira lehenak hitza hartzen. Guztiek bat egin dute aniztasuna azpimarratzerako orduan, desberdinen arteko bateratasuna baita dinamikaren oinarrietako bat, euskal herritar orok izan beharko bailuke bere etorkizunaz mintzatzeko aukera.

Bideoek sortu duten erreakzioari jarrai, Barakaldoko ordezkariak hala esan du. «Erronka ez da bideoak egitea, gure erronka erabakitzeko eskubidea behar bilakatzea da».

Momenturik sentikorrenetako bat hamasei komunitate ezberdinetatik etorritako lagunen hitzartzeak izan du. Hala esan dute: «Gu ere euskal herritarrak gara eta herri honen erabakitzeko eskubidearen alde gaude». La Casilla zutitu egin da, hizlariei txaloka.

Eskoziak eta Kataluniak urratutako bidetik

Eskoziak irailaren 18an izango du bere etorkizuna erabakitzeko aukera, eta Kataluniak ere beste hainbeste egitea aurreikusten du azaroaren 9an, nahiz eta auzitegi espainolek zenbait traba jarri. Bi horiei egin diete erreferentzia, bai hitzez, eta baita antzerkiz ere, gaur eskoziar bilakatu diren Iker Galartza eta Angel Alkainen bitartez.

Eskozian naiz Katalunian herritarren borondatea zein den jakin nahi dute, galdetu egingo dute eta emaitza errespetatu. Erabakitzeko eskubidea praktikan jarriko dute bi nazio horietan eta Euskal Herriak ere beraiek urratutako bidea jarraitu nahi du. 

Horixe da hain zuzen ere Gure Esku Dago dinamikaren helburua; euskal herritarren hitza eta erabakia gauzatu eta, lortutako emaitzaren arabera, bere borondatea errespetatzea. Ekainaren 8koa izango da zita nagusia. Durango eta Iruñea eskuz esku lotuko dituen giza-kate batekin batuta. Herritarrek errepidera eramango dute euren ahotsa; 50.000 inguru batzea espero da.

Ezberdinen arteko elkarlana

Abian jarritako dinamikaren oinarrietako bat ezberdinen arteko elkarlana dela ohartarazi dute. «Sentsibilitate politiko eta sozial ezberdinetako herritarrak auzolanean eskubide demorkatiko unibertal baten egikaritzearen inguruan», esan dute.

«Anitzak, aurkariak, ezberdinak izan gaitezke eremu edota esparru ezberdinetan, baina eskubide demokratiko honen aldarrikapenean bat egiten dugu, gai honetan herritarrok talde berean jokatu nahi dugu», azpimarratu du Euzkitzek.

Gure Esku Dago, dinamika soil bat baino gehiago, «jarrera» bat dela nabarmendu dute, «gaurdaino iristeko balio izan digun jarrera eta hemeendik aurrerakoan ere bide onetik eramango gaituena». «Gu gara protagonistak eta zintzotasunez, dotore, ezberdinen arteko lanean sakonduz, errespetuz aurrera egingo dugu, herritarron borondatea oinarri… Geu gara gakoa, gure esku dago».

Amaieran jai giroa lehertu da. Guztion belarritan den kantuaren hitzak irakurri ditu lehenengo Kirmen Uribek eta ondoren zuzenean eskaini dute abestia hainbat musikarik. Bertan izan dira, oholtza gainean, Mikel Errazkin, Kepa Junkera, Amets Arzallus, Gontzal Mendibil, Amaia Zubiria, Xabier Sansebastian, Erramun Martikorena… Erabakitzeko eskubidearen alde denak.